Irail hondarrean eskualdeko 538 lagunek lana galdetzeko izena emana zuten Doneztebeko Enplegu Bulegoan, abuztu akabailan baino bat guttiagok. Erran daiteke, beraz, langabeziko datuek ez dutela gorabehera handirik izan joan den hilabetean. Irailean 437 lan kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 46 bakarrik, %10,52a izan ziren mugagabeak.
Adinaren eta sexuaren arabera, 25 urtez goitiko emakumeak dira langabetu gehienak, 317. 25 urtetik goitiko gizaseme langabetuak 163 dira. 25 urtez beheitiko adin tartean eskualdeko 30 emakume eta 28 gizon daude lanik gabe.
Lan sektoreei dagokienez, nekazaritza eta abelzaintzan 9 langabetu daude; industria arloan 130, eraiikuntzan 30 eta zerbitzu arloak ditu langabetu gehien, 346. Lehendik lanik egin gabeko 23 langabetu ere apuntatuak daude Doneztebeko bulegoan.