Euskal Herriko enbaxadore hoberenak izan dira. Hala diote Artzain Mundua elkarteko kideek. Ameriketan ibili diren euskal artzainak omendu zituzten asteburuan, larunbatean Baigorrin, igandean Alduden eta astelehenean Gernikan. Zeremonia, diploma, oroitarri eta guzti. Euskal artzainak aipatuta, gizon zuzenak, leialak eta langileak direla erraten da anitzetan.
1920ko hamarkadan hasi ziren lehenak Amerikara joaten. Gehienek Argentinako bidea hartu zuten, eta Estatu Batuetan pausatu ziren besteak. Baina historia gehienik markatu duen emigrazioa 50eko hamarkadakoa izan da. Euskal Herriko eskualde batzuetan, etxeak bat-batean hustu zirelako, haurrek, hazi orduko, Amerikara joateko asmoa zutelako.
Artzain horiek ongi merezi zuten omenaldia jaso dute aurten ere, iaz Sunbillan eta Lesakan egin bezalaxe. Eskualdeko artzainek Alduderako bidea hartu zuten igandean, autobusean. Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 250 bat lagun joan ziren Baxenafarroako herrira, Ohorea zuri euskal artzaina izenburupean egin ziren ekitaldietan parte hartzeko. Hildako artzainen aldeko mezarekin hasi ziren ekitaldiak. Gero, artzainei eskainitako momumento dotorearen aurkezpena egin zen. Ekitaldi honetan bertsolariek kantatu zuten: Mixel Aire, Xalbador handiaren semea, Laka, Manolo Arozena, Ameriketan artzain ibilitako Jesus Goñi oronoztarra. Erramun Martikorena artzaina ere kantuan ibili zen, Etxamendi eta Larralde bikotea bezalaxe.
700 lagun bazkarian
Ondotik, euskal dantzak ikusi ziren. Artzain Munduak artzainei emanen dien diplomak erakutsi ziren, baina oroigarri hauek etxean jasoko dituzte omenduek. Akautzeko, bazkaria izan zuten Aldudeko pilota plazan eta 700 lagun bildu ziren mahaian, antolatzaileeak espero baino gehiago. Aipatzekoa da, larunbatean Baigorrin, herriko artzainendako ekitaldi berezia antolatu zuela Euskal Kultur Erakundeak.