Estilo hiritarra edo urbanoa
70. eta 80. hamarkadetan hainbeste eramaten zen “asteburuko” estiloa dugu ate joka. Artilea toki guztietan ikusiko dugu, XXL neurriko puntuzko jantzietan batez ere. Estilista ugariren eskutik itzuli da arropa informalen joera berria, eta horretarako material itxurosoak eta informalak erabiliko dituzte. Nahasketa ederrenen artean: kaxmirra, merioa, mohairra… Artilea da jertse, txaketa eta txalekoen oinarrizko materiala. Materialen leuntasuna eta kolore naturalek modu bikainean uztartuak ikusiko ditugu.
‘Rock Chic’ estiloa
Zalantzarik gabe denboraldiko joera garrantzitsuenetariko bat rock chic estiloa da. 90. hamarkadako gazteek bultzatu zuten ‘grunge’ estiloa itzuliko da egungo ukitu bereziekin. ‘Fashionista’ ausartek mozketa sofistikatu eta hagitz estilizatuen aldeko apustua egin dute, goi mailako jostungintzako ukituak erakusteko.
Retro kapa-txaketa
Denboraldi honetan retro itxurako kapa-txaketa dator indarberritua. Erabiliko diren materialetan, berrikuntza modura, artilezko kapa-txaketak ikusiko dira. Belaunerainoko gona edo galtza bakeroekin jazteko joera nabarmenduko da. Osotasunean begiratuz, retro eta modernoaren arteko nahasketak sentsazio atseginak sortzen ditu.
Gerri altuaren dotorezia
‘Business’ estiloa gerri-markatuekin itxuratuko da. Gerriko zabalen bitartez, trajetako galtzen kasuan bereziki, gerria markatu eta galtzak hagitz altuak ikusiko dira. Bolero eta txaketa motz bereziak, maukarik gabeko popelinazko atorrak, gerri altu eta markatua, behetik zabalak.