«Oraindik badut Lehen Mailan ariko naizen pentsatzeko denbora»

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 1a

Antonio JAUNARENA Zubietako aizkolaria TTIPI TTAPA

• Leitzan bizi den Antonio Jaunarena Zubietako aizkolariak 52 urterekin lortu du berriz Lehen Mailako aizkolariekin aritzeko aukera.

35 urte pasatu dira Antonio Jaunarena Zubietako aizkolariak plazan bere lehen aizkorakadak eman zituenetik. Baina oraindik sasoiko dagoela erakutsi du Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa irabazita. Altsasun jantzi zuen txapela Jaunarenak, baita jaun eta jabe zela erakutsi ere, bigarrenari 44 segundoko aldea ateraz. Bigarren Mailako Txapelketa irabazita hurrengo urtean Lehen Mailan aritzeko aukera izanen du. Oraindik, ordea, zer egin erabaki gabe duela aitortu digu: «Oraindik urtea luzea da eta pentsatzeko denbora badut». Momentuan aizkoran gozatu nahi du, eta «aritzeko gogoz» dago, gainera. Lehen Mailako Txapelketa gogoan, berehala aitortu digu nork irabaztea gustatuko litzaiokeen: «Jon Rekondok». (Elkarrizketa kanporaketa baino lehen egin zen). Lehen ere urte aunitzetan ibilia da Lehen Mailako aizkolarien artean, «20 bat urte», dio Antoniok. Txapelik irabazi ez arren, orduko oroitzapen onak omen ditu. Baina bere erabakiz, lau urtetan aizkoran aritu gabe egon da. Horren arrazoia zein den galdetuta, zera erantzun digu: «Erakustaldietara joan behar denean, gogo eta ilusio gehiagorekin entrenatzen da, eta azken aldi hartan oso erakustaldi gutxi egiten nituen. Txapelketak urtean gutxitan izaten direnez, horiengatik urte guztian aritzeak merezi zuen ere ez dakit...». Eta zergatik itzuli den berriro aizkorara? Ba lau urte horietan ez delako aizkoratik urruti ibili: «Jon Rekondo entrenatzen ibiltzen naiz eta Juan Telletxearekin ere asko. Eurek ikusita, gogoa etorri eta horregatik hasi naiz».

Garraiolaria da Jaunarena, baina horrek ez omen dio entrenatzeko denbora aunitzik kentzen: «mendian ibiltzen nintzenean gehiago nekatzen nintzen eta ez nuen entrenatzeko gogo askorik izaten. Kamioiarekin gutxiago nekatzen naiz eta entrenatzeko gogo gehiago dut». Jon semea ez zaio aizkolaria atera, baina pilotan fin dabilela ikusteak poz bat baino gehiago emanen dio bai. Duela bi aste, erraterako, Altsasu eta Amezketako txapelak jantzi zituen Jonek.

Bigarren Mailako txapela soinean kontent egoteko arrazoirik ez zaio falta Antoniori. Baina ez da hau aizkoran lortu dun txapelik haundiena. Euskal Herriko Bigarren Mailakoak bizpahirutan irabaziak ditu, baita San Ferminetan binakakoak ere. Lehen Mailako finalean ere ibilia da. Txapelak bat baino gehiago, baina aizkolari guztien ametsa du berak ere: «Lehen Mailako txapela janztea». 52 urterekin hori zaila ikusten duela erran digu irriz, baina nork daki!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun