Gobernuak 607.298 euroko laguntza banatuko du eskualdean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 1a

Argiteria, hilerriak, ur-depositoak edo Herriko Etxeak moldatzeko

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak Nafarroako mendialdean egin beharreko azpiegitura lanetarako 755.678 euroko dirulaguntza onartu du, Toki Azpiegitura Planaren barrenean. Gure eskualdeko zazpi herrik ere jasoko dute laguntza. Horrela, egin den 981.607 euroko gastuaren %50a baino gehiago diruz lagundua izanen da, 607.298 euro, hain zuzen. Kasu gehienetan, argiteria, hilerriak, ur-depositoak edo Herriko Etxeetako obrak moldatzeko dira onartutako laguntzak.

Elizondon, Braulio Iriarte eta Jaime Urrutiako argiteri publikoa moldatuko da, 71 farol berri jarriz. 95.360 euroko inbertsioa eginen da, eta Nafarroako Gobernuak 66.270 euroko laguntza emanen du.

Goizuetan ere argiteria berrituko da Apezetxea karrikan, 16 farola paratuz. 18.514 euroko gastua eginen da eta Iruñetik 12.960 euroko subentzioa jasoko da.

Beintza-Labaienen hilerri berria eginen da, 1.271 metro koadro dituen lur eremu batean. Hilerriak berak, 900 metro koadro hartuko ditu eta ur-hartzea eta euritako uren saneamedu sarea izanen ditu. Euritik babesteko 15 metro luze eta 6 zabal izanen dituen tejabana ere eginen da. Lanen aurrekontua 198.236 eurokoa da eta dirulaguntza, 82.998 eurokoa. Beintza-Labaienen bertan, Herriko Etxeko teilatua moldatzeko eta isolamendu eta kalefakzio sistema berritzeko 59.173 euroko gastua eginen da eta 41.221 ko laguntza hartu.

Urrotzen ere argiteri sarea berrituko da Utsala Bidean eta Leurtzako Etorbidean. 22 farola berri paratuko dira eta aginte-zentrua ere eraberrituko da. Gobernuak 40.498 euro eman ditu, 57.854 euroko inbertsiorako.

Bertizaranaren kasuan, Narbarten 400 metro kubikoko ur-deposito berria eginen da. Lanen aurrekontua 383.363 eurokoa da eta Iruñetik 264.386 euroko laguntza hartuko da. Halere, lan honek 33.045 euroko laguntza osagarria izanen du. Legasa eta Narbarterako ura banatuko da deposito honetatik, eta ura eramateko eta egungo sareari lotzeko hodiak ere paratuko dira.

Oieregiko kontzejuaren etxea moldatzeko 169.107 euroko gastua eginen da eta 65.920 euroko laguntza hartuko da horretarako. Teilatua erabat berritu behar da, baita barnealde osoa ere. Aitzinaldeak eta etxearen egituraren zati batek ere moldaketak behar dituzte. Kontzejuko bilerak beheitiko solairuan egiten dira eta lehen solairuan etxebizitza dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun