Aro ederra lagun, herritar eta kanpotar anitz hurbildu zen herriko bestetara. Larunbatean inguruetako gazte anitz etorri ziren eta 2.200 bat sartze egin ziren. Egunik arrakastatsuena, dudarik gabe, igandea izan zen. Ahate jokoa, herri kirol saioa eta karroen desfilea ikusteko plaza ikusliarrez bete zen. Gaineratiko egunetan ez zen girorik falta, baina aste egunak izaki asteburuan baino jende guttiago ibili zen.
Herriko besten kari, hainbat txapelketa jokatu ziren. Larunbateko lasterketan Ramuntxo Lamothe nagusitu zen 12 kilometroko ibilbidea 38 minutu eta 38 segundotan eginez. Emazteetan azkarrena, Manttale taldeko Cristina Arues izan zen, 46 minutu eta 28 segundoko denborarekin. Astelehenean iragan zen artzain zakur txapelketan trebeenak Iholdiko axeritogarai eta bere zakurra izan ziren. Bigarren postua Irikinentzat izan zen, eta hirugarrena eta laugarrena Parraxu eta Irigoienentzat, hurrenez hurren. Asteazkeneko azienden txapelketan usaian baino abere gehiago aurkeztu ziren, bai behi gorrietan, bai Bretoinetan baita ardietan ere. Behi gorrietan Frederic Mariluzek irabazi zituen lehen sari gehien, 6 eta 9 hilabete artekoetan, 4 urte baino gehiagokoetan eta helduetan. Pierre Ariztegik eta Auxtin Gorrozuretak bertze bina sari eraman zituzten, lehenak, 9 eta 12 hilabete artekoetan eta aretxearekin ziren kategorian, eta bigarrenak, 12 eta 18 hilabete artekoetan eta 2 urte baino gehiagokoetan. Bretoin edo esneko behien txapelketan lehen sari gehien irabazi zituena Geroari izeneko ustiapena izan zen (Battit Indart, Antton Andiazabal, Benat Azcarraga eta Felix Berhau), 12 eta 18 hilabete artekoetan, lehentxetan, eta antzutuetan. Mugan ustiapenak (Tote eta Xalbat Elizagoien) bi lehen sari eskuratu zituen 3. eta 6. aretxea izan zutenetan. Gainerako bi sariak Lagunarte ustiapenarentzat (Mixel Errandonea eta Jean Yves Zunda) eta Tatien Mendiondentzat izan ziren, 12 eta 18 hilabete artekoetan eta 3. aretxea izan zutenetan. Ardien txapelketan 3 kategoria izan ziren: bildotsetan lehen saria Patrick Iribarrenentzat; 2 urtekoetan Anaiak ustiapenarentzat (Mikeltegikoborda), eta helduetan Dominique Zundarentzat. Pilotan, Olivier Larretxeak eta Thierry Etxetok irabazi zuten Pleka Saria, finalean Ellande Alfaro eta Patrick Ocafraini 50 eta 31 nagusituta.