Irailaren 22an egin zen Ramon Latasa plaza eta eskulturaren inaugurazioa

ttipi-ttapa 2007ko urriaren 1a

TTIPI TTAPA

580 lagun elkartu ziren herriko frontoian bazkaltzen

Hainbertze denbora esperuan egon ondotik azkenean ailegatu zen sunbildar aunitzek espero genuen eguna. Joan den irailaren 22an izan zen Sunbillako plaza berriaren inaugurazio ofiziala, baita Ramon Latasaren eskulturarena ere. Inaugurazioa baino bi egun lehenago iritsi zen eskultura Sunbillara. Berehala jarri zuten plaza berrian, baina inaugurazioko momentu arte, toldo batekin tapatua eduki zuten. Egun haundian, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpasek eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontxeilariak, Udaleko zinegotzi eta alkatearekin batera, txistulariez lagundurik, udaletxetik plaza berrirainoko bidea egin zuten. Lehenik bedeinkazioa egin zen, ondoren herriko bi dantzarik, Estitxu Arretxea eta Bixente Ibarrak, aurreskua dantzatu zuten eskulturaren aitzinean eta Julen Zelaieta eta Angel Mari Peñagarikanok ere bertso batzuk bota zituzten. Aizkolari guztiak elkarrekin argazki pare bat atera ondotik, aizkolariak lanean hasi ziren eta eguerdiko ordubatak arte luzatu zen 107 aizkolarien erakusketa. 14:30ean 580 pertsona inguru bildu ziren herriko frontoian antolatutako bazkarira eta giro ederrean igaro zuten arratsaldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun