Bera- Endarlatsa errepide zatiko obretan «gehiegizko mozketak etengabeak» direla kritikatu du Eusko Alkartasunak. Hala jakinarazi zuen irailaren 14an hedabideetara igorritako prentsa-ohar batean. «Bi hilabetetan egindako bakarra hauteskundeak baino bi egun lehenago autopropaganda kartelak paratzea izan da, eta orain hasi dira dira N-121A eraberritzeko lanak Nafarroa aldean», zioen oharrak. Nafarroako Gobernuaren «arduragabetasuna» ere salatu zuen alderdiak, «ez duelako inongo ardurarik izan errail mozketak saihesteko». Horren harira, «lanen hasieran hainbertze mozketa egiten badira, obra benetan martxan paratzean zer gertatuko ote da?», galdetu zuen EAk.
Urteetan Nafarroako Gobernuari N-121A errepidea moldatzea «zein gutti axola izan zaion» ere nabarmendu zuten EAn, eta behin lanak abiatuta «ez zaio inporta auto ilarak eta errepide mozketak ugaritu izana». Errepidean ardura haundiagoz jokatzera arazoak ttikiagoak izanen ziratekeela ere adierazi zuten EAkoek prentsa-oharrean.
Gipuzkoa aldeko obrak Nafarroakoak baino aurreratuagoak daudela ere gaineratu zuten, eta hori ez dela obraz arduratzen den enpresaren ardura. Hala, enpresak«profesionaltasunez» lanean ari direla azpimarratu zuen.