Alkate eta zinegotzien soldatak. Gure ahotan maiz aipatzen dugun kontua izaten da. Zenbat kobratzen ote dute? Gaia publikoa da, eta jakin min haundia sortzen duena, baina zenbaitzuetan, informazio hori eskuratzea konplikatu samarra izan daiteke. Errezelo edo mesfidantzarekin jokatzen dute aunitzek alkate edo zinegotzi izateagatik zenbat kobratzen duten galdetuta. Herri batzuetan, haundienetan adibidez, alkateek esklusiboki horretara dedikatzen dute egunerokoa; bertze batzuek, ordea, —eta hori da eskualdeko udal ordezkari gehienen kasua— Udaleko ardura eta bertze lana tartekatzen dute. Bide horretan, Bortziriak, Baztan, Malerreka, Leitzaldea eta Urdazubi eta Zugarramurdiko Udaletara jo eta alkate eta zinegotziek zenbat kobratzen duten bildu dugu. Dena den, zenbait herritan legealdi berriko kopuruak oraindik ez dituzte zehaztu, eta agintaldi berrian oraingoz ez dute deus kobratu. Horregatik, aitzineko udal hautetsiek jasotzen zutena bildu dugu taulan. Gisa berean, aipatu, udaletxeetako langileek edo alkateek eurek emandako datuak direla.
n da ordezkari bakoitzak jasotzen duen diru kopurua. Aldea zabala da, eta Herriko Etxeetan emandako erantzunaren arabera, Baztango alkatea da eskualdean gehien jasotzen duena. Estatu espainiarrean, oraingoz, Nafarroa da alkateen soldata lege bidez finkatua duen bakarra. 2004ko foru legeak soldata finkatzearekoan zein diren segitu beharreko irizpideak ezartzen ditu, biztanleriaren arabera guttieneko eta gehienezko neurriak aipatzen ditu. Aldi berean, lansariak ordaintzeko adina diru ez duten udalen kasuan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzeko aukera dago Nafarroan. Joan den legealdian, adibidez, Nafarroako 272 udalerritik 223k Nafarroako Gobernuaren laguntza eskatu zuten. Aurtengoan, berriz, 4.531.463 euro bideratu ditu Gobernuak udal ordezkarien soldatetarako. Lege hau udal ordezkariek eurek nahi duten soldata ez jasotzeko onartu zen. Helburu berarekin, estatu espainiarrean ere araudi bat onartzeko proposamenak badaude.
Ondoko taulan kopuru hagitz diferenteekin egin dugu topo; ez da berdina Baztanen kasua eta bertze herri ttiki aunitzen kasua. Baztango alkatea Nafarroa guztian hirugarren gehien kobratzen duena da: 49.000 euro gordin jasotzen ditu urtean. Herri haundiagoek lan ordu gehiago sartzea eskatzen dutela ulertuta, eskualdeko herri haundienetakoak dira gehien kobratzen dutenak: Baztan (49.000 euro), Bera (35.108 euro). Bi hauetan alkateak esklusiboki horretara dedikatzen dira.
Bertze kontu aipagarria, herri aunitzetan oraindik ez dela zehaztu udal hautetsiek zenbat kobratuko duten, eta oraingoz ez dute deus kobratu. Hori da, hain zuzen, Goizueta, Leitza, Arantza, Igantzi eta Lesakaren kasua. Horregatik aitzineko legealdiko ordezkarien datuak bildu ditugu.
Baztanen tirabirak
Gai honetan, Baztanek aipamen berezia merezi du, biztanle gehien biltzen dituen Udala izateaz gain, eta alkate eta zinegotzien soldata bertze lekuetan baino altuago izateaz gain, azken aldian guztien ahotan ibili delako soldaten kontua, Udala osatzen duten NaBai eta UPN alderdien tirabirak tarteko. Aitzineko legealdian baino altuagoak dira soldatak, eta hortik etorri dira arazoak. Izan ere, UPNk gorakada hori alderdiaren araberakoa izan dela dio; NaBaik, ordea, Udalean bakoitzak egiten duen lanaren araberakoa dela. Zinegotziak delegatuak badira gehiago kobratzen dute, gehiago egunero joaten badira, eta guttiago ez badira delegatuak. Agintaldi honetan NaBaik zuzentzen ditu Udaleko batzorde guztiak, UPNk ez baitzuen onartu eskaini zitzaion Osasun Batzordearen ardura, eurek bi ordezkari nahi dituztelako. Eztabaida bete-betean dago Baztanen.