Nafarroako Euskal Kantu txapelketan izen emateko epea ireki da

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 27a

Lehen saioa Elizondoko Lur aretoan izanen da azaroaren 3an

Nafarroako Euskal Kantu txapelketan izen emateko epea zabalik dago urriaren 26a arte. Horretarako, Euskal Kantuzaleen elkartean, 948141812 telefono zenbakira deitu edo nafarroagaraia@kantuzale.net e-posta helbidera idatzi behar da. Nafarroako edozein irrati euskaldunetan ere egiten ahal da izen ematea, gura inguruan Xorroxin Irratian edo Leitzako Karrape irratian, errate baterako.

Txapelketaren berri eman du gaur goizeko prentsaurrekoan Euskal Kantuzaleen Elkarteak. EGUTEGIAri dagokionez, azaroaren 3an, larunbatarekin, eginen da lehen saioa Elizondoko Lur aretoan, arratsaldeko 6etan. Azaroaren 9an, ortzirala, Burlatako Kultur Etxean eginen da bigarren saioa, arratsaldeko 7etan. Saio hau berezia izanen da, Hilarion Eslava burlatar musikari ezaguna jaio zela bigarren mendeurrena ospatu nahi baitute bere sorterrian. Finala, berriz, azaroaren 18an, larunbatarekin, eginen da Lekunberriko 31 aretoan, arratsaldeko 6etan

Aurtengo txapelketa Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Rural Kutxak eta saioak egiten diren udalek babestua da. Kantuzale Elkartearen helburuak, Euskal kantagintza zabaldu eta erakustaraztea, Kantatzeko zaletasuna piztea, Kantari berriak plazaratzea eta, batez ere, kantuarekin gozatzea dira.

15 urtetik gorako edozeinek har dezake parte, kantari amateurrak beti ere, ez beren izenean salgai dauden grabaketak ekoiztu dituztenak. Bakarka, bikotean edo 3 eta 10 kide arteko taldetan parte hartzen ahal da. Partehartzaileen mailaren gorakada dela eta, partehartzaile berriei beraien meritua gogorarazteko, aurten ere parte hartzen duten kantariek "berrien maila" osatuko dute, eta sari berezia izango dute. Taldeen partehartzea bultzatzea ere erabaki du Kantuzale Elkarteak, Euskal Kantua bizitzeko eta ulertzeko dagoen modurik ederrenetakoa iruditzen zaiolako. Kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenengo bientzat izango dira sariak. Sari bereziak ere izanen dira, hala nola sormena, partaide berriari eta gisakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun