“Ohore zuri euskal artzaina” izenburupean, Ameriketara artzain joan ziren euskaldunak omendu nahi ditu Artzain Mundua Elkarteak igandean, irailaren 30ean Alduden eta urriko lehen astelehenean Gernikan. Honela, joan den urtean Sunbillan eta Lesakan egin ziren ospakizun handiei segida emanen zaie aurten Baxenafarroan eta Bizkaian. Eskualdeko artzainek Alduden izanen dute hitzordua igandean. Horretarako, Bortziriak, Malerreka eta Baztanetik autobusak debalde izanen dira, Nafarroako Gobernuak ordainduko baititu. Bortzirietan, goizeko 8:30etan abiatuko da autobusa Etxalartik eta ordu laurden beranduago pasatuko da Lesakatik eta 9etan Beratik. Malerreka aldeko artzainak bilduko dituen autobusa 8:30etan aterako da Sunbillatik, ordu laurden beranduago pasatuko da Doneztebetik eta 9etan Legasatik. Baztanen, Elizondotik aterako da autobusa 8:45etan, 9etan Arizkungo Ordoki industrialdetik pasatuko da eta gero Erratzuko sarreran geldituko da, Alduderako bidea hartzeko.
Artzainei eskainitako monumentoa
Alduden, hildako artzainen aldeko mezarekin hasiko dira ekitaldiak. Gero, artzainei eskainitako momumentoaren aurkezpena eginen da. Ekitaldi honetan bertsolariek kantatuko dute eta euskal dantzak ikusiko dira. Artzain Munduak artzainei emanen dien diplomak erakutsiko ditu, baina oroigarri hauek etxean jasoko dituzte omenduek. Akautzeko, bazkaria izanen da Aldudeko pilota plazan. Aipatzekoa da, larunbatean Baigorrin, herriko artzainendako ekitaldi berezia antolatu duela Euskal Kultur Erakundeak.
Astelehena libre duten eskualdeko artzainek Gernikara joateko aukera ere izanen dute, baina horretarako beraien autoak beharko dituzte, ez baita autobusik antolatu gure eskualdetik. Urriko lehen astelehenaren ospakizunen barrenean, Gernikan ere, artzainari eskainitako monumentua aurkeztuko dute eta gero Gernikako Arbola eta Junta Etxea bisitatuko dira. Bazkaria baino lehen omenaldia eskainiko zaie artzainei. Lehenik, Ameriketako bizipenak biltzen dituen dokumentala ikusiko da eta euskal musika eta bertsolariek lekua izanen dute. Gero, Joxe Malleak, Renoko Unibertsitateko historialariak, artzaiek zuhaitz enborretan egiten zituzten inskripzioei buruz arituko da.