Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak Nafarroako mendialdean egin beharreko azpiegitura lanetarako 755.678 euroko dirulaguntza onartu du, Toki Azpiegitura Planaren barrenean. Gure eskualdeari dagokionez, Elizondon, Braulio Iriarte eta Jaime Urrutiako argiteri publikoa moldatuko da, 71 farol berri jarriz. 95.360 euroko inbertsioa eginen da, eta Nafarroako Gobernuak 66.270 euroko laguntza emanen du.
Goizuetan ere argiteria berrituko da Apezetxea karrikan, 16 farola ezarriz. 18.514 euroko inbertsioa eginen da eta Iruñetik 12.960 euroko subentzioa jasoko da.
Beintza-Labaienen hilerri berria eginen da, 1.271 metro koadro dituen lur eremu batean. Hilerriak berak, 900 metro koadro hartuko ditu eta ur-hartzea eta euritako uren saneamedu sarea izanen ditu. Euritik babesteko 15 metro luze eta 6 zabal izanen dituen tejabana ere eginen da. Lanen aurrekontua 198.236 eurokoa da eta dirulaguntza 82.998 eurokoa. Labaienen bertan, Herriko Etxeko teilatua moldatzeko eta isolamendu eta kalefakzio sistema berritzeko 59.173 euroko inbertsioa eginen da eta 41.221 euroko dirulaguntza hartuko da.
Urrotzen ere argiteri sarea berrituko da Utsala Bidean eta Leurtzako Etorbidean. 22 farola berri paratuko dira eta aginte-zentrua ere berrituko da. Nafarrroako Gobernuak 40.498 euroko dirulaguntza eman du, 57.854 euroko inbertsio baterako.
Bertizaranan, Narbarten 400 metro kubikoko ur-deposito berria eginen da. Lanen aurrekontua 383.363 eurokoa da eta Iruñetik 264-386 euroko laguntza hartuko da. Halere, lan honek 33.045 euroko laguntza osagarria ere izanen du. Legasa eta Narbarterako ura banatuko da deposito honetatik eta, ura eramateko eta gaur egungo sareari lotzeko tuboak ere eginen dira. Oieregiko kontzejuaren etxea moldatzeko 169.107 euroko inbertsioa eginen da eta 65.920 euroko laguntza hartuko da horretarako. Teilatua erabat berritu behar da, baita barnealde osoa. Aitzinaldeak eta etxearen egituraren zati batek ere moldaketak behar dituzte. Kontzejuko bilerak beheitiko solairuan egiten dira eta lehen solairuan etxebizitza dago.