Etxalarko Usategietan bisita gidatuak eskainiko dira urriaren 1etik azaroaren 20ra

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 26a

Azkeneko urteetan bezala, Etxalarko Usategietan bisita gidatuak eskainiko ditu Laura Elizagoien gida turistikoak. Ehiza eremu honetan, ehundako urte dituen sare bidezko uso ehizaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Hainbertze urtez bizirik irauteagatik eta iberiar penintsula osoan bakarra izateagatik, gure ondare kulturalaren partaide da usadio hau. Hau kontuan hartuta, 2003garren urteko udazkenean bisita gidatuak eskaintzen hasi ziren Etxalarren, alde batetik ehiza mota honi laguntza emateko, eta bertzalde kultur ondarea ezagutzera emateko asmoz. Bisitak urriaren 1etik azaroaren 20ra eginen dira eta bertan, sarezko ehizari buruzko xehetasunak azaltzen dira, tradizioak, erabiltzen diren tresnak eta ehiza sistema, bertzeak bertze. Informazio hau ikusentzunezko batekin osatzen da.

Honetaz gain, sareetan behatoki batera sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoak datozenean sareetan nola sartzen diren ikusten baita. Bisitaren iraupena 45 minutukoa da eta prezioa, berriz, 4 euro pertsonako. Hamar lagun baino gehiago taldeen kasuan, pertsona bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu.

Bisita hauek egiten interesatuak egonez gero, 690 267756 telefonora deitu behar da edo usategiak@etxalar.org helbidera idatzi. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.etxalar.org Interneteko orrian aurkitzen ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun