Erreka kirol elkarteak frontenis txapelketa antolatu du irailean. Larunbatean, besta ttikien barnean, hiru kategorietako finalak jokatu ziren eta honako hauek izan ziren emaitzak: Nesketan, Nerea Telletxeak eta Oihana Mitxelenak 22 eta 16 irabazi zieten Ane Mutuberria eta Ana Mindegiari. Haurren kategorian, Jon Sein eta Emilio Zabalak 22 eta 19 irabazi zieten Borja Arregi eta Beñat Leizari. Gazteen kategorian, azkenik, Jon Andiarenak eta Josetxo Ezkurrak 22 eta 13 irabazi zieten Unai Sapuppo eta Andoni San Martini.
Esku pilotan, Errekako pilotariak txapelketaz txapelketa
Bertze aldetik, esku pilotan lanean segitzen dute Errekako pilotariek. Joan den larunbatean, irailaren 22an, Burlatako eskuz binakako txapelketan parte hartu zuten ttikienek, honako emaitza hauekin: Benjamin mailan, Errekako Aritz Narbarte eta Eloy Garciak 2 eta 18 galdu zuten Oberenako Otermin eta Oiartzunen kontra. Errekako Julen eta Jabier Saldiasek 18 eta 7 irabazi zieten Kaskalluetako Leatxe eta Palaciosi. Errekako Imanol de Rueda eta Julen Juankorenak 18 eta 8 irabazi zieten Txarutako Sein eta Fagoagari; Errekako Jon Belarra eta Julen Retegik 18 eta 12 irabazi zieten Irurtzungo Irañeta eta Aldaregiari eta Errekako Mikel Retegi eta Josu Mitxeok hutsean utzi zituzten Zugarraldeko Gorria eta Pablos. Alebin mailan, Errekako Cristopher Alvarez eta Jon Mikelarenak 15 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko Villabona eta Erasunen kontra eta kadetetan, Errekako Xabier Carrion eta Iñigo Goñik 18 eta 10 irabazi zieten Club Natacion Pamplonako Marcilla eta Zuastiri. Errotxapeako eskuz binakako txapelketan, bigarren mailako senior kategorian, Errekako Iñaki Iribarren eta Unai Urrutiak 22 eta 9 irabazi zieten Berriozarko Mariezkurrena eta Medinari. Lizarran, lau terdiko txapelketa jokoan da. Kadete mailan, Errekako Gaizka Bendoirok 18 eta 5 irabazi zion San Migueleko Orokietari; Errekako Alain Ezkurrak 18 eta 15 irabazi zion Oberenako Linzoaineri eta Errekako Joseba Babazek 11 eta 18 galdu zuen Sutegiko Saezen kontra.
Azkenik, gazte mailako Diario Vasco txapelketako partida jokatu zen ortziral arratsean Etxarri Aranazen. Errekako Joseba Madariaga atzelari aranztarrak, Ropon gipuzkoarrarekin bikote eginez 20 eta 22 galdu zuen Aurtenetxe bizkaitarra eta Añorgako Sagasetaren kontra jokatutako partida. Markagailua orekatua joan zen, hogeina berdindu arte, baina azken bi tantuak Aurtenetxe eta Sagasetak egin zituzten. Madariagak partida ederra egin zuen, eskuetatik ongi ez baldin bazegoen ere.
Heldu den asteburuari begira, Nafarroako 22 urtez beheitiko klub arteko txapelketako partidak jokatuko dituzte buruz buru Errekako pilotariek. Irailaren 29an, larunbatean, Iruñeko Paz de Ziganda ikastolako pilotalekuan Errekako Imanol Mitxelena aranztarra, Zugarraldeko Iturriren kontra arituko da. Egun berean, Irurtzungo pilotalekuan Errekako Imanol Baleztena zubietarra Oberenako Linzoainen kontra arituko da. Errekako Iñaki Iribarren ultzamarrak, Iriarte eta Razkinen arteko partida irabazten duena izanen du arerio. Igande arratsaldean, Oteiza de la Solanako frontoian jokatuko dira partidak. Errekako Oskar Urrutia saldiastarrak, Senosiain eta Urrizelkiren arteko partida irabazten duenaren kontra jokatuko du eta Errekako Unai Urrutia saldiastarrak, Urdaniz eta Iruritaren arteko partidaren irabazlearen kontrako norgehiagoka izanen du.