Maiatzaren 27ko udal hauteskundeen ondotik eskualdeko Herriko Etxe gehienetako alkate eta zinegotzi karguak erabaki ziren. Baina zenbait herritan ezin izan zuten udala osatu, hautes zerrendarik aurkeztu ez zelako. Ordezkaririk aukeratu ez zuten udal eta kontzejuek bigarren aukera izanen dute urriaren 28an. Hauteskunde hauetarako zerrendak aurkezteko epea astelehenean akautu zen. Eskualdean, hiru izan ziren udala osatu ez zuten herriak, hiruak Malerrekan: Donamaria, Oitz eta Zubieta. Horretaz gain, Bertizaranan, Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuak ere hutsik gelditu ziren. Urriaren 28ko hauteskudeei begira, Donamaria eta Oitzen zerrenda bana aurkeztu da, Zubietan aldiz ez da hautagairik izanen.
Donamarian eta Oitzen, azken lau urteetan lan egin duten taldeek segituko dute, aldaketa ttiki batzuekin. Donamarian, gaur egungo alkatea, Ricardo Sagaseta Andiarena izanen da zerrendaburua eta beraz, karguan segituko du legealdi honetan. Berekin batera, Santi Jorajuria Mitxeltorena, Miguel Jose Lasaga Telletxea, Angel Mari Larraburu Calzada, Francisco Jabier Migeltorena Juanena, Iñaki Telletxea Goñi eta Iñaki Baleztena Agerralde izanen dira udal ordezkariak. Oitzen kasuan, 250 bizilagun baino guttiago duenez, zerrenda irekien sistema erabiliko da. Urriaren 28ko hauteskudeetako zerrendan gaur egungo alkatea, Alberto San Miguel Mindegia, Luis Mindegia Mitxeo, Jose Mari Latasa Apeztegia, Ander Oteiza Lizasoain eta Jabier Ariztegi Juanena izanen dira. Normalki, botu gehien jasotzen dituen hautagaia aukeratzen da alkate, baina Oitzen, hauteskundeen ondotik bildu eta hautetsien artean banatzen dituzte karguak.
Arestian aipatu bezala, Zubietan ez da zerrendarik aurkeztu eta egoera moldatzen ez bada, Nafarroako Gobernutik izendatuko dute udala gestionatuko duen batzordea.
Legasako kontzejurako bai, Oieregi eta Narbarterako ez
Bertizaranan, berriz, Legasako kontzejurako Legasako Elkartaldea aurkeztu da, baina Narbarte eta Oieregi kontzejuetan lan egiteko ez da inor aurkeztu. Legasan Asier Irisarri Martiarena, Laura Andresena Zubigarai, Aitor Zelaieta Mikelarena, Iban Urriza Arretxea eta Dabid Andresena Ariztegik osatuko dute kontzejuko lan taldea.