Floren Nazabal, Donato Larretxea, Juan Jose Lopez, Mikel Mindegia eta Joxe Juan Barberenak jokatuko dute urriaren 7an Etxarri Aranatzen Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala. Atzo jokatu zen jendez gainezka zegoen Uharte Iruñako pillotalekuan kanporaketa saioa eta bortz aizkolari hauek lortu zuten azken saiorako txartela. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen.
Hiru txandatan banatuta aritu ziren aizkolariak eta lehenbizikoa izan zen onena. Nazabal, Larretxea, Mindegia eta Kañamares aritu ziren. Espero bezala, Kañamares izan zen txanda honetan azkena, baita saioan ere, eta kategoria galdu zuen. Nazabal eta Larretxea lehia estuan aritu ziren eta azkenean garaipena Etxarrikoaren alde erori zen, zortzi segunduko aldearekin. Nazabalek 14 minutu eta 27 segundu behar izan zituen eta Larretxeak 14 minutu eta 35 segundu. Mindegiak ere lan polita egin zuen, baina 17 minutu eta 18 segundu behar izan zituen. Igandean itzuli zen berriro lehiaketara, eta min hartu aitzinetik zuen freskura falta duen arren, finalean sartzea lortu du. Bertze txandetan azpimarratzekoa izan zen Juan Jose Lopezek egindako marka, 16 minutu eta 20 segunduan lana akautu eta finalean sartzea lortu baitzuen, Mindegia baino marka hobea eginez gainera. Joxe Juan Barberenak ere ongi bete zuen bere lana, 17 minutu eta 57 segunduan, eta berriz ere final handian izanen da. 18 minutuko inguru horretan zegoen finalean sartu edo ez sartzeko muga. Hortik goiti ibili ziren Senosiain anaiak, Vicente eta saioko aizkolari gazteena, Jon Rekondo leitzarra. Zortzigarren postua eskuratu zuen Rekondok, 19 minutu eta 45 segunduko denborarekin, eta handienen artean aritzeko oraindik ere zaildu beharra duela nabarmen utzi zuen.
Herriz herri eta emakumeen arpana txapelketaren finala Igantzin San Migel egunean
Herri kirol kontuekin segituz, heldu den larunbatean, irailaren 29an, arratsaldeko 6:30etik aitzinera Nafarroako Herriz herri txapelketako finala eta Nafarroako emakumezkoen arpanlari txapelketa jokatuko dira Igantzin. Herriz herri txapelketaren barrenean, lehen konbinadako finala Berriozar, Igantzi eta Garraldak jokatuko dute eta laugarren eta bosgarren posturako lehia izanen dute Basaburua eta Gure Txokoak. Koxkor biltzen, zaku laisterketan, aizkoran, korrikan eta arpanan aritu beharko dira lehen konbinada honetan. Bigarren konbinadan, hau da, harrijasotzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea biltzen dituen konbinadan, liga sisteman jokatu dute txapelketa eta azken saioan Igantzi, Gure Txokoa, Garralde, Berriozar eta Basaburua arituko dira. Nafarroako emakumezkoen arpanlari txapelketan hiru bikotek parte hartuko dute: gaur egungo txapeldunak, Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Lurdes Galarregi, Arbizuko Maitane Txueka eta Antsoaingo Susana Agerre eta Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopez. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 korte eman behar dizkio.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!