erran.eus

Ramon Latasaren eskultura eta plaza inauguratu ziren larunbatean

  Gizartea  Mendialdea

Lehengo, oraingo eta etorkizuneko ehun aizkolari baino gehiago bildu ziren

Larunbatean Sunbillan Ramon Latasa plaza eta eskulturaren inaugurazio ekitaldia egin zen. Orain 3 urte Sunbillako herriak lurra erosi zuen plaza egin ahal izateko eta orduan sortu zen Ramon Latasaren omenezko eskultura egiteko ideia. Ramon Latasa, herriak ezagutu duen aizkolari ospetsuena da eta gorazarre hori egin nahi izan diote. Antton Espelosin, Paco Errandonea eta Miguel Mari Latasa izan dira urte hauetan sustatzaileak eta eskultura finantzatzeko ideiak eta ekimenak aurrera eraman dituztenak.

Larunbata egun handia zen, eta hori baino lehen aste guztia lanean jardun zuten. Harmailak ekarri, aulkiak jarri…eta beti zeruari begira. Ostegun eta ostiralean eguraldi bikaina egin zuen, baina ez zen gauza bera gertatu larunbatean. Goizean goizetik eurixka ari zuen eta ekitaldia zapuztuko zenaren beldur. Baina hori ez zen inolako aitzakia izan aizkolariak bertaratzeko. Goizeko 11:00etan herriko agintariek udaletxetik plaza arteko bidea egin zuten eta ondotik, Paco Errandonea Sunbillako alkateak eta Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko kultura eta turismo kontseilariak Ramon Zancada eskulturgile madrildarraren eskultura denen agerian utzi zuten. Jesus Goldaraz Doneztebeko apezak plaza bedeinkatu eta bertso batzuk kantatu zituen. Herriko abesbatzak ere unea kantuz gozatu zuen. Segidan Bixente Ibarra eta Estitxu Arretxeak aurreskua dantzatu zuten. Antton Espelosinek Nafarroako Kutxako ordezkarien eskutik proiektu honi emandako dirua biltzen zuen txekea jaso zuen. Angel Mari Peñagarikano eta Julen Zelaieta bertsolariek omenaldia aitzakia hartuta zenbait bertso kantatu zituzten.

Eta denek espero zuten unea iritsi zen. Luis Mari Bengoak aurkeztu zuen ekitaldia. Aizkolari guztiak enbor gainean jarri eta aizkora igota argazkia atera zuten, bitartean denen izenak aipatzen ziren bitartean. Behin hori eginda, eskulturaren ezker-eskuinean jarri eta berriz ere argazkiak egin ziren.

Eta froga hasteko ordua iritsi zen. Hasiera batean 115 aizkolarien parte hartzea aurre ikusi zen, baina azkenean, 105 aritu ziren. Lehenik 10 eta 14 urte arteko haurrak aritu ziren. Denetan azkarrena Enerko Saralegi izan zen. Ondotik, bigarren mailakoen txanda izan zen. 20 bikotek parte hartu behar zutenez, 2 txandetan egitea erabaki zuten. 20 bikoteetatik 4 egon ziren finalean. Beteranoak plazaratu ziren segidan. Denetara 10 bikote eta hauetatik 3 pasa ziren finalera. Gazteetan ere maila handia erakutsi zuten eta 10 bikoteetatik 3 izan ziren finalean. Azkenean, lehenengo mailakoak aritu ziren eta hauek ere bere lehiakortasun sutsuena plazan islatu zuten.

Behin 5 frogak jokatuta, finalen txanda izan zen. Haurren kategoria izan ezik, gainerako guztietan jokatu ziren. 2. mailako frogako bikote txapelduna Mujika eta Altzo izan zen, beteranoetan Gorriti anaiak, gazteetan Saralegi eta Rekondo eta lehenengo mailakoak Nazabal eta Vicente. Finalean parte hartu zuten aizkolari guztiei gazta bana eman zieten. Ordurako euri dexente ari zuen eta saioa amaitzean jendeak plaza utzi eta frontoi aldera jo zuen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa