Igande honetan, irailaren 23an eginen da Gasteizen Euskal Herriko Pottoka arraza morfologikoaren lehiaketa. Euskal Herriko Pottokazaleen Federazioak antolatzen duen ekimena da eta aurtengoa hirugarren edizioa izanen da. Pottoka emeak zein arrak, biek sarituko dira. Alde batetik, 2006an jaiotako emeak eta arrak sarituko dira, hurrenez hurren. Hirugarren eta laugarren sailean, 2005ean jaiotako pottoka emeak eta arrak sarituko dira, eta azkenik, 2004an edo lehenago jaiotako emeak eta arrak. Gisa berean, pottoka eme onenaren saria ere banatuko da, baita ar onenarena ere. 8:30etik 9:30era bitartean zabalduko dituzte lehiaketako ateak.
Antolatzaileek iragarri dutenez, animaliaren identifikazio agiria eramatea ezinbertzekoa izanen da parte hartzeko, eta animaliek itxura aldetik ongi zainduak joan beharko dute.
Bertzalde, Federazioak dei berezi bat egin nahi izan die Nafarroako pottoka zaleei. Izan ere, federazioan Euskal Herriko sei lurraldetako ordezkariak daude, ez, ordea, Nafarroakorik. Hala, bertze sei herrialdeetan halako ekimenak antolatzea erraza den bitartean, Nafarroan antolakuntza falta nabaria izaten omen da. Alde horretatik, gaian interesatua dagoenak 948 510078 telefonora deitu beharko du.