Bertze urte batez Nafarroak irabazi du Euskal Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketa. Irailaren 2an jokatu zen Atharratzen (Zuberoa) txapelketa, eta Nafarroak ez zuen bosgarren txapela lortzeko arazorik izan.
Txapelketa ez zen eskualdeko ordezkaririk gabe gelditu. Izan ere, Nafarroako taldearen izenean aritu zirenen gehienakk ingurukoak ziren: sokatiran Lesakako Beti-Gazte taldea aritu zen eta hirugarren sailkatu ziren; ingude altxatzen Xabi Sein igantziarra aritu zen eta bigarren gelditu zen; postu bera eskuratu zuen lasto altxatzen Iñaki Bereau igantziarrak ere; harri altxatzen Josetxo Urrutia leitzarra hirugarren sailkatu zen; txingekin Migel Angel Sukuntza leitzarra bigarren izan zen eta karroarekin Xabier Urrutia arraioztarra aritu zen, seigarren sailkatu zen.
Gainerako probak, berriz, txokor biltzea, zaku-eramatea, arpana eta aizkora izan ziren.
Azkenean Nafarroa txapeldun hiru probatan nagusitu ondotik. 57 puntu lortu zituen guztira, Bizkaiak 50, Gipuzkoak 46, Lapurdik 43, Zuberoak 28, Arabak 25 eta Nafarroa Behereak 23. Aurtengoa bukatuta, heldu den urteko txapelketa Gipuzkoan jokatuko da.