2007-08 denboraldia hasi dute eskualdeko futbol talde nagusiek

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 17a

Doneztebe Futbol talde sortu berriak berdinketarekin ekin dio Erregionaleko lehen mailari

Eskualdeko futbol taldeek denboraldi berriari ekin diote. Gizonezko helduen artean, bortz talde izanen ditugu aurten: izan ere, Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan ari diren Lesakako Beti Gazte eta Berako Gure Txokoa, Nafarroako Preferenten ari den Leitzako Aurrera eta Nafarroako Erregionaleko lehen mailan ari den Baztanekin batera, Doneztebe futbol taldeak helduen taldea zelairatu du lehen aldiz, Nafarroako Erregionaleko lehen mailan hau ere. Doneztebe Futbol Taldea 2004an eratu zen, eta kategoria ttikietan urte aunitzetako lanaren ondotik, 25 laguneko taldea osatu dute herriko eta inguruko jendearekin, helduen mailan aritzeko. 25etik 14 dira Doneztebekoak, eta gainerakoak Ultzama, Sunbilla, Narbarte, Zubieta, Legasa eta Eltzaburukoak dira. Lehendakaria Jaime Sein da, lehendakariordea Antonio Iratzoki eta entrenatzaileak, Mikel Maia, Jabier Jabalera eta Juan Carlos Arregi. Hasieran 12.000 euroko aurrekontuari egin behar izan zioten aitzin, orain, ordea, 7.000 euro behar dituzte. Futbol zelairik ez dagoenez, etxeko partidak Atarrabian jokatuko dituzte. Hauek dira taldeko jokalarien izenak: Aitor, Ander, Andoni eta Eduardo Bertiz, Aritz Baleztena, Asier Hernandorena, Eneko Larraiotz, Garikoitz Urrotz, Haritz Arriola, Ibai Ordax, Iker Iratzoki, Iñigo Ostiz, Iban Lopez, Mikel Telletxea, Iban Santesteban, Jaime Sein, Jabier Otermin, Jon Maritxalar, Jon Mikel Asensio, Joseba Elizagoien, Josu Santesteban, Liborio Ariztia, Mikel Arrieta, Mikel Ibarra eta Urko Loiarte. Estreineko partida aste hondar honetan jokatu dute eta bina berdindu zuten Beti Kozkor taldearen kontra. Lekunberrikoak 0-2 aizindu ziren, baina Doneztebekoek bina berdintzea lortu zuten, Mikel Ibarra sunbildarraren eta Urko Loiarte zubietarraren golen bitartez. Kategoria berean, Baztanek 1 eta 3 irabaztea lortu zuen Lezkairu taldearen kontrako partidan. Baztandarrek berriz ere igoera fasera sailkatzea eta ahal bada, Preferentera igotzea izanen dute helburu. Doneztebarrek, berriz, kategoria martxa hartzea.

Bortzirietako taldeak gaizki hasi dira

Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan gauzak ez dira hain ongi hasi Bortzirietako taldeentzat. Beti Gaztek 1-0 galdu zuen Urnietari egindako bisitan eta Gure Txokoak 0-3 galdu zuen Matzadan Astigarragako Mundarroren kontra. Bai lesakarrek, baita beratarrek ere, jautsiera postuetan ekin diote denboraldiari. Bi taldeak aunitz berritu dira eta partiduak jokatuz ikusi egin beharko da zein helburu jartzen ahal dizkieten beren buruei.

Leitzako Aurrera Preferenten

Leitzako Aurrerarentzat berriz, denboraldiko bigarren partida izan da aste hondar honetakoa eta husna berdindu zuen etxean Amayaren kontra. Lehenbiziko partida galdu zuela kontuan hartuz, lehenbiziko puntua eskuratu dute Aurrerakoek. Joan den denboraldian Nafarroako Preferentera igotzea lortu zuten leitzarrek eta kategoria mantentzea izanen dute helburu nagusia. Gipuzkoako Emakumezkoen Ligan ere ez dira ongi hasi gauzak Lesakako Beti Gazterentzat, etxean jokatutako partidan 1-3 galdu baitu Amara Berriren kontra.

Asteburuko futbol emaitzak

Nafarroako Preferenten
Aurrera 0 – Amaya 0

Nafarroako Erregionaleko lehen mailan
Doneztebe 2 (Mikel Ibarra eta Urko Loiarteren golak)– Beti Kozkor 2
Lezkairu 1 – Baztan 3 (Iñigok 2 eta Xabierren golak)

Gipuzkoako Erregionaleko lehen mailan
Urnieta 1 – Beti Gazte 0
Gure Txokoa 0 – Astigarragako Mundarro 3

Emakumeen Gipuzkoako Ligan
Beti Gazte 1 (Irantzu Etxebeste) – Amara Berri 3

Gipuzkoako jubenilen ohorezko mailan
Beti Gazte 1 (Kimetz Odriozola) – Union Txiki 2

Gipuzkoako jubenilen lehen mailan
Dunboa 2 – Gure Txokoa 2 (Mikel Agara eta Imanol Goienetxe)

Gipuzkoako kadeteen lehen mailan, denboraldiko lehen derbia
Gure Txokoa 0 – Beti Gazte 3 (Josu Sanjurjok 2, Ander Olaizola)

Gipuzkoako infantilen lehen mailan
Behobia 10 – Gure Txokoa 1 (Joseba Martinez)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun