Telefonicak antena berra paratuko du Gorramendin, Argaindoita eta Otanarteko estazioen artean. Horrela, urtarrilean, otsailean eta martxoan Urdazubin eta Zugarramurdin izan ziren etengabeko zerbitzu hutsegiteak saihestu nahi ditu. Paratuko den antenarekin, kalte gehien sortzen den Gorramendiko estazioko arazoak ekidinen ziratekeen, eta hala, Urdazubiko zentraleko zerbitzua hobetu. Gisa berean, Gorramendiko basea indartzeko bertzelako neurriak ere hartuko dira: ekipo elektrogenoa eta gaitasun handiago duten bateriak paratu, eta gaintentsioko kargadoreak jarri segurtasun handiagoa izateko, deskarga atmosferikoak gertatzen direnerako.
Aipatzekoa da, Uxue Barkos NaBaiko diputatuaren eskariz, Espainiako Gobernuak Telefonicari gertatutakoa argitzeko eskatu ziola; telefonia enpresak, bere aldetik, «eskualdeko orografia zailak eta eguraldi txarrak konponketak aunitz zaildu zituela» argudiatu zuen. Horren aitzinean, neurriak hartzeko eskatu zioten Telefonicari, eta horren bidetik datoz hartutako neurriak. Dena den, enpresak ez du isunik ordaindu beharko.