Urriaren 28an eginen dira udal eta kontzejuetako hauteskundeak

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 17a

Maiatzean zerrendarik aurkeztu ez zen herrietan bertze aukera izanen dute urriaren 28an. TTIPI TTAPA

Arano, Donamaria, Oitz eta Zubietan eta Bertizaranako kontzejuetan

Maiatzaren 27ko hauteskundeetara zerrendarik aurkeztu ez zen herri eta kontzejuetan, edo aurkeztutako zerrenda baliogabetua izan zenetan, heldu den urriaren 28an eginen dira berriz ere hauteskundeak, beti ere, zerrendak aurkezten badira. Gure eskualdeari dagokionean, lau herri eta bertze hiru kontzejutan eginen dira. Hain zuzen, Arano (141 biztanle) Donamaria (414 biztanle), Oitz (150) eta Zubietan (297), eta Bertizaranak bere baitan hartzen dituen hiru kontzejuetan. Hala, 50 biztanletik goitiko bertze herrietan bezala, Legasan (257 biztanle), Narbarten (322) eta Oieregin (97) bakoitzean Batzordeko lehendakaria eta lau bokalak aukeratu beharko dituzte.

Zerrendak aurkezteko maiatzeko hauteskundeetan bezala egin beharko da, eta hauteskunde kanpaina urriaren 12tik 26ra eginen da.

Espainiako Ministroen Kontseiluak abuztuaren 31n egin zuen hauteskundeetarako deialdia, eta Nafarroako Gobernuak irailaren 3an onartu zuen, Foru Dekretu bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun