Antonio Jaunarena zubietarrak lortu du Lehen Mailako aizkolarien artean aritzeko txartela, Nafarroako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa irabazita. Atzo jokatu zen Altsasun finala, eta zubietarrak jaun eta jabe zela erakutsi zuen. Hasiera hasieratik nagusitu zen, eta azkenean 44 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Luis Mari Belarra doneztebarrari. Hirugarren postua ere Doneztebera joan zen, Juan Telletxearentzat.
Jaunarenak 20 minutu eta 3 segundo behar izan zituen bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta 72ko bertzea mozteko. Belarrak 20 minutu eta 47 segundotan akitu zituen lanak; Juan Telletxeak 22 minutu eta 42 segundotan; Juan Jose Erdozia Etxarri Aranazkoak 23 minutu eta 49 segundotan, eta Altsasuko David Amillanok 24 minutu eta 11 segundotan egin zuen lana.
Antonio Jaunarenaren garaipenak meritu handia du, 52 urte beteak baititu eta lau urte baitzituen aizkora utzirik.
Lehen mailako kanporaketa irailaren 23an Uharte-Iruñean
Bertze aldetik, datorren igandean, irailak 23, Nafarroako 1. Mailako Aizkolari Txapelketako Kanporaketa jokatuko da Uharte-Iruñeako Toki-Alai frontoian, arratsaldeko 17:30ean. Kanporaketa honetan ondorengo hamar aizkolariak hartuko dute parte: Ezkurrako Mikel Mindegia, Arantzako Donato Larretxea, Etxarri Aranazko Floren Nazabal, Lezaungo Juan Jose Lopez, Otsagiko Daniel Vicente, Berueteko Jose Juan Barberena, Olagueko Antonio Senosiain eta Aitor Senosiain anaiak, Arostegiko Manolo Kañamares eta Jon Rekondo leitzarra. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko ditu. Lehen bost sailkatuak finalerako txartela lortuko dute. Finala urriaren 7an jokatuko da Etxarri Aranatzen.