N-121A errepideko obretan gehiegizko mozketak egiten direla salatu du EAk

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 17a

Nafarroako Gobernuaren arduragabetasuna kritikatu du, ez duelako etenaldiak saihesteko neurririk hartu

Bera-Endarlatsa errepide zatiko obretan “gehiegizko mozketak etengabeak” direla kritikatu du Eusko Alkartasunak. Hala jakinarazi zuen ortziralean hedabideetara igorritako prentsa-ohar batean. “Bi hilabetetan egindako bakarra hauteskundeak baino bi egun lehenago autopropaganda kartelak paratzea izan da, eta orain hasi dira dira N-121A eraberritzeko lanak Nafarroa aldean”, dio oharrak. Nafarroako Gobernuaren “arduragabetasuna” ere salatu du alderdiak, “ez duelako inongo ardurarik izan errail mozketak saihesteko”. Horren harira, "lanen hasieran hainbertze mozketa egiten badira, obra benetan martxan paratzean zer gertatuko ote da?", galdetu du EAk.

Urteetan Nafarroako Gobernuari N-121A errepidea moldatzea “zein gutti axola izan zaion” ere nabarmendu dute EAn, eta behin lanak abiatuta “ez zaio inporta auto ilarak eta errepide mozketak ugaritu izana”. Errepidean ardura haundiagoz jokatzera arazoak ttikiagoak izanen ziratekeela ere adierazi dute EAkoek prentsa-oharrean.

Gipuzkoa aldeko obrak Nafarroakoak baino aurreratuagoak daudela ere gaineratu du EAk, eta hori ez dela obraz arduratzen den enpresaren ardura. Hala, enpresak “profesionaltasunez” lanean ari direla azpimarratu du, “eta horren adibide dira Gipuzkoa aldeko obrak”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun