Alkoholiko Anonimoak Elkarteak egoitza zabaldu du Elizondon

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 14a

Urriaren 4an talde berriaren aurkezpen ekitaldia eginen dute

Bidelagun Elkartearen eskutik, Alkoholiko Anonimoak elkarteak egoitza berria ireki du Elizondon, Baztan-Bidasoa aldeko herritarrentzako. Bilkurak egiteko hitzordua ere zehaztua dute dagoeneko: asteartero, 19:00etatik 20:30era, Bidelagunen egoitzan, Santiago karrikako 58. zenbakian (Elizondo). Informazio gehiago jasotzeko Iruñeko telefono hauetara dei daiteke: 948 241010 edo 609478341.

Talde honetan parte-hartzea dohainik da, ez da inongo kuotarik ordaindu beharko, eta parte-hartzaileen anonimatoa ere zainduko dela nabarmendu dute elkartetik. Talde berriaren aurkezpen ekitaldia, heldu den urriaren 4an eginen dute Arizkunenea Kultur Etxean, 19:30ean. Informazio saio irekia izanen da, erakundea eskualdean ezagutzera emateko.

Informazio hitzaldi honetan, bertzeak bertze, Alkoholiko Anonimoak eta Al-anon (alkoholikoen senitartekoak) elkartetako ordezkariek parte hartuko dute, baita Elizondo, Doneztebe eta Lesakako Osasun Zentroetako arduradunek ere. Benito Menni zentruko zuzendaria ere han izanen da, baita Baztango Udaleko ordezkari politikoak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun