Doneztebeko Udalak eta Burrunba Kultur Taldeak antolatuta, asteburu honetan eginen dira besta ttikiak. Horren harira, hiru eguneko egitarau zabala prestatu dute, «adin eta gustu guztietako jendeari begira egina». Ortziral honetan, hilak 21, 20:00etan botako duten txupinazoarekin emanen diote hasiera besta ttikiei. Ondotik, zopak izanen dira herriko jatetxeetan. Gauerdian, 00:30etik 04:00ak bitarte dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin.
Larunbat goizean, 09:00etatik aitzinera Bearzana txaranga karrikaz karrika ibiliko da. 11:00etan haurrentzako jokoak izanen dira, eta helduagoentzako paella lehiaketa. Gero, 14:00etan, herri bazkaria. Arratsaldean, aitzineko urteetan bezala, mus eta partxis txapelketak jokatuko dira. Giroa alaitzeaz Trikidantz arduratuko da, 20:30etik 22:00etara eta 23:30etik 04:00etara.
Igande goizean meza izanen da San Migel ermitan 11:00etan. Bide batez, herriko apaiza den Jesus Goldarazi omenaldia eskainiko zaio. Mezondoan aperitiboa izanen da. Besta ttikiei akabera emateko, herritarren arteko erremonte partidak jokatuko dira 17:00etatik aitzinera.