Mendiko lanak egin dira herriko auzo guztietan

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 14a

Otsarran Iberbanda enpresak paratutako antenari buruzko informazioa eman du Udalak

Ikasturte berriko lehenbiziko alean aipatu ez bagenuen ere, joan den hilabetean udal informazioa banatu zen etxe guztietara. Hiru orriko txostenean, hemen lehendik ere emaniko web orriaren (www.arantza.eu) eta udal hauteskunde nahiz Udalaren osaketaren berriak eman dira. Bertze puntu batzuk ere garatu dira: auzolanak, Internet, mendiko lanak eta pisten likidazioa.

Auzolalanak
Herrian betitik egin dira auzolanak, eta ohitura eta betebehar horrekin segitu nahi du Udalak. Auzolanen nondik norakoak ere azaltzen dira txostenean, arautuak izanik eta udal ordenantzak erraten duena xehetasun osoz esplikatuz.

Internet zerbitzua
Aitzineko legealdian Iberbanda izeneko enpresak Otsarran antena paratu zuen. Orain arte herritarrek zerbitzu horren gaineko informaziorik jaso ezean, orain enpresako arduradunekin solastu ondotik, zerbitzuaren nondik norakoak jakinarazi dituzte: antena horren betebeharra Internet zerbitzua hobetzea da eta egitasmoaren helburua banda zabala deritzon zerbitzuari estaldura (kobertura) ematea izan da (Telefonia eta Internet zerbitzuei).
Herriko kaxkoa eta auzoak hartuz, gaur egun herrian %70eko kobertura dago; Azkilarrean, Bordalarrean eta Eguzkialdean %100ekoa da; Aientsan, berriz, momentuz ez omen dago estaldurarik. Zerbitzu hau gure etxeetan erabili ahal izateko Iberbandan alta eman behar da. Oraingoz etxeetako instalazioa debalde dela adierazi dute enpresakoek, hori bai, zerbitzua erabiltzeak dakarren kostua ordaindu behar da. Edozein duda dela, Iberbandara deitu daiteke, 1632 telefonora.

Mendiko lanak
Nafarroako Gobernuak hainbat mendiko lan egiteko dirulaguntza eman du. Uztailean egindako plenoan aho batez erabaki zuen Udalak Basartea enpresak buruturiko proiektua Berdabio Basogintza enpresari ematea, hainbat enpresari gonbidapena egin ondotik.
Lan hauek egin dira: plantazioen garbiketa desbrozadoraz Bidatxutan, Txertadin, Zapatinbordan, Apittan, Ametxokon eta Axtalkon; bideen hobetzea Unanun eta Azkin; larren desbrozea Azkin eta auzo guztietako pistak nagusietan desbroze lanak. Abuztuaren 24an bukatu ziren obrak, eta guztira 17.304 euroko gastua egin du Berdabiok. Gobernuak gastuaren %60ko laguntza emanen du. Aipatu, dagoeneko mendi batzordea hurrengo urterako mendiko lanak egiteko lanean hasia dela.

Pistetan moldaketak
Aitzineko legealdian pistetan moldaketa lan batzuk egin ziren. Herritar batzuen desadostasuna ikusirik bilera batzuk egin, eta obrak egiterakoan egondako informazio eskasia, suposatutako gastoa eta akordio eza aipatu ziren. Obra egina dagoenez, ordaindu beharra dago. Udalak gastu totalaren %10 bere gain hartuko du (ez %4a, orain arte bezala). Akordioak lortu ahala herritarroi informazioa emanen digula adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun