Pello Apezetxearen liburuxka berria

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 14a

Bazekien norbaitek Mediku Kontsultategiaren ondoan Zamargillenea izeneko etxe bat zegoela XIX. mendean? Eta Kultur Etxe ondoko aparkalekuan Perubeltzenea izeneko bertze bat? Gaur egun apeza bizi zen etxea, Erretorenea izenez ezagutzen duguna, lehen Tornariarena etxea zen, XVII. mendean parrokiak erosi zuen arte. Hori ezagutzen zenuten? Gisa honetako datu kurioso eta deigarriak eskaintzen ditu Pello Apezetxeak Etxalarko etxeen inguruko bere azken argitalpenean. 1600. urtetik gaur arte, karrikan eta baserri-auzoetan egon diren eta dauden etxeen inguruko informazio zabal eta interesgarria eman du argitara, hainbat mapa eta irudirekin.

XVIII. eta XIX. mendeetan Etxalarko baserriek izan zuten ugaritzea eta gaur egun nola husten ari diren aztertu du. Auzoz auzo zenbat jende bizi den, asteburutan zenbat joaten den eta zenbat etxe huts dauden biltzen ditu liburuak. Azken urteetan eraiki diren etxe berri guztiak ikus daitezke, izen eta guzti. Etxeak noizkoak diren agertzen du —karrikako etxe aunitzek 400 urte dituzte— euren estiloa, erretako etxeak —Maritonea, Ezkutua, eta Behekoetxea adibidez, XIX. mendean erretakoak dira—, baserrien okupazioa auzoka –Orizkin erraterako, 43 etxetatik 18tan bakarrik bizi da jende finkoa—, eta abar. Herriko Etxeko artxiboan, Parrokiakoan eta bertze hainbat lekutan bildutako informazio mardula modu arin eta erakargarrian bildu du Apezetxeak. Etxalarko etxeen historiaren zati handi bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun