Ameriketara artzain joandakoak gogoan, Artzain Mundua elkarteak bi elgarretaratze antolatu ditu heldu den irailaren 29rako eta urriaren 1erako. Aitzineko aldietan, Lesakan eta Sunbillan egin bezala, hurrengoak Alduden (Nafarroa Beherea) eta Gernikan (Bizkaia) izanen dira, hurrenez hurren. Jardunaldiak Elizondon egindako aurkezpenean izan ziren Miren Elgarresta eta Jose Mª Zeberio, elkartearen izenean, Laura Iantzi eta Josephine Etcheverry artzainen alabak, Kepa Mallea (Bizkaiko artzainen datuak bildu dituena) eta Sunbillako Fermin Zelaieta eta Jesus Mª Jorajuria artzainak. Artzain ibilitakoez gain, interesatua dagoen edonork izanen du bi elgarretaratze hauetan parte hartzeko aukera, eta egun horietan eginen diren bazkarietara joan nahi izanez gero, irailaren 20a baino lehen eman beharko da izena, Baztango Udaletxean (948 580006), Lesakako Udaletxean 10:00etatik 18:00etara (Laura Iantzi 686 759341) eta Sunbillan Fermin Zelaieta (609 521747) edo Jose Mª Arretxeari (679 794966) deituz. Batez ere, 50 eta 60. hamarkadetan joandako artzainak omenduko dira.
Datu basea
Hilabetetako lanarekin, artzainen datu base zabala osatu da. Dagoeneko 887 artzain identifikatu dituzte, horietatik 10 emakumezkoak. Jaso dituztenen %51 bizkaitarra da, %29 nafarra eta %17 Iparraldekoa.