Lau hilabeteko atzerapenarekin laster hastekoak dira Igantzi-Bera errepide zatiko lanak

TTIPI TTAPA 2007ko ira. 14a, 12:22

Azkenaldiko zurrumurruen ondotik, eta lau hilabeteko atzerapenarekin, egun hauetan hastekoak ziren Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera errepide zatiak eraberritzeko lanak. Obra hiru enpresen artean osatutako aldi baterako enpresa-elkarte baten esku dago; Ecay-Andueza SL, Indeconsa eta Obrascon Huarte Lain SAk osatzen duten UTEaren esku, alegia. Lanak maiatzean hasiko zirela iragarri zuen Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak, baina antza, uste baino gehiago luzatu dira.

Lurra mugitzeaz arduratuko den Ecay-Andueza SL enpresak obra bertan behera utzi zuelako zurrumurrua zabaldu zen gure eskualdean azkenaldian. Nafarroako Gobernuko prentsa-bulegoak, argitu dio ttipi-ttapari gertatutakoa. Antza, enpresa elkartean sartzeko bertze bazkide batentzako deialdia zabaldu zen, baina ez zen hautagairik aurkeztu. Hala, prentsa-bulegoaren arabera, hurrengo astean hasiko dira.

Lanak bi zatitan eginen dira, 65.kilometrotik Etxalarko bidegurutzera eta handik Berako saihesbidera. Guztira 7,8 kilometro izanen ditu, eta 43,1 milioiko gastua. Bere garaian errandakoaren arabera, lanek 2009ko martxoaren 30erako bukatuak egon beharko lukete. Hasi lau hilabete beranduago egin badira, ikusi egin behar da noiz amaituko diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun