Kultura ezberdinetatik etorritako ia 2.000 lagun bizi dira gure artean

ttipi-ttapa 2007ko irailaren 14a

Eskualdean orain arte egin diren etorkinen bestak gure herrietako kulturaniztasunaren lekuko izan dira. Argazkia iaz Beran ateratakoa da, Mugarik gabe topaketaren hirugarren edizioan. TTIPI TTAPA

Ez bat eta ez bi, aunitz dira gure eskualdean bizi diren atzerritarrak. Arrazoi bat edo bertze bat tarteko, kasu gehinetan pobreziatik ihesi, bertze batzuetan bizi diren herrialdeko egoera makurretik eskapo, aukera berri baten bila, gero eta gehiago dira

Garai batean hemendik aunitz joan ziren kanpora egoera ekonomiko, sozial edo politiko hobe baten bila, Ameriketara artzain, Alpeetara, Europako herrialdeetara... Azken urteotan, aldiz, bertze tokietakoak dira gure herrira heldu direnak. Betidanik egon da gurean kultura desberdinetako jendea, baina batez ere, 80ko hamarkadatik aitzinera Europa barrenetik eta kanpotik etorritakoek igo zuten hemengo populazioa. Etorkinez solasean ari garela, herrialde pobreetatik datozenez eta maila sozioekonomiko baxua dutenez ari garela dirudi, baina ez, gure artean denetarik dago. Ttipi-Ttapa aldizkariak hartzen dituen Baztan, Bortziriak, Urdazubi-Zugarramurdi, Bertizarana, Malerreka eta Leitzaldeko datuak bildu ditugu, eta etorkinen kopurua 1.948koa dela ikusi dugu, gehienak Europar Batasunetik etorritakoak (1.235), baina Hego Ameriketatik etorriak ere aunitz dira (533). Herriz-herriko datuak aintzat hartuz, agerian da herri haundietarako duten joera, horietan aurkitu baitute bizitzeko eskaintzarik zabalena, lan aldetik zein etxebizitza aldetik.
Datuei erreparatzen hasi aitzinetik, komeni da jakitea erroldatan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan bizi den jendea, orohar, frantziartzat hartu dituztela datu emaileek. Gure sailkapena, ordea, euskal kultura ez dutenak kontuan hartuz egiten saiatu gara, eta beraz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik etorritakoak ez dira taula honetan sartzen. Bertze kultura duten zenbat etorri diren bildu nahi izan baitugu. Halere, zehaztasuna zaila denez, Malerrekaren kasuan Ipar Euskal Herriko datuak Frantziako datuekin sartuak daude, baita Baztanen, Leitzaldean, Urdazubin eta Zugarramurdin ere.
Bertzalde, datuak herriz-herri xehetasun guztiarekin jasotzea ezinezkoa da, hainbat faktore daudelako tartean, hala nola, legalitatearen kontua. Horrek zenbait atzerritar paperik gabe dagoela adierazten du.
Sergio Paniagua duela zazpi urte ailegatu zen Irunera Guatemalatik, eta gero Berara. Medikua da eta horretan egiten du lan, Osakidetzarentzat eta kontsulta propioan. Etorri aitzinetik ongi antolatu zuen guztia, «Guatemalan ere euskaldun aunitz dagoelako, eta Guatemalako jendearen eta euskaldunen artean lotura dago. Hori izan zen honat etorri izanaren arrazoi nagusia. Bihotzeko kontuek ekarri ninduten. Ez nuen inongo problemarik izan paperekin».
Hagitz bertzelakoa da Abraham eta Lucia senar-emazte bolibiarren kasua. Bolibiatik joateko arrazoi nagusia ekonomia izan zen, «gure herrialdean egoera ekonomikoa hagitz gaizki dago». Lucia etorri zen lehenbizi, «ahizpa Etxalarren zegoen ordurako, eta ni zortzi hilabeteren buruan etorri nintzen. Urte bat eta zazpi hilabete geroago Berara joan nintzen». Xaharrak zaindu eta etxeetan egiten du lan, eta gustura dago, baina Bolibian utzitako lau seme-alabak gogoan: «sorterria uztea zaila da, gure parte bat han gelditzen delako».Abraham senarra urtebete beranduago etorri zen. Bolibian irakaslea zen, baina hemen ezin lanbide hori aurkitu: «ez dut paper legalik», dio Abrahamek. «Hemen ez bada paperik ez dago lanik, ez dago deus», gaineratu du Luciak.

Herri haundietarako joera

Taulako datuek argi erakusten dute etorkinak zein herri aukeratzen dituzten bizitzeko: Elizondo, Leitza, Bera, Lesaka, Doneztebe eta Etxalar. Bortzirietan, erraterako, bertako populazioaren %10a kanpotik etorritakoa da, gainerako %90, berriz, Euskal Herrian sortutakoa da. Horietako %13,93 Beran bizi da, %9,32 Etxalarren eta %9,3 Lesakan. Baztanen kasuan ere altua da etorkinen kopurua, batez ere, Europar Batasunekoak eta Hego Ameriketatik datozenak: 189. Eta gehienak, Boliviatik (51) eta Ekuadortik (77) etorritakoak dira. Elizondon bizi dira gehienak.
Leitzaldean Baztanen baino baxuagoa da bertze kulturetatik etorritakoen kopurua. Kasu honetan ere, inguruko herri haundienera jo dute, Leitzara. Gehienak Europar Batasunetik eta Hego Ameriketatik etorritakoak dira, batez ere, portugaldik eta ekuadortik. Leitzaren kasuan, aipatzekoa da, Afrikatik etorritako jendearen kopurua ere altua dela, 23 baitira, eskualdeko altuena portzentajetan. Malerrekaren kasuan, Mixel Gerekaren azterketak erakusten du Donezteben biltzen direla atzerritar gehienak, Europar Batasunekoak eta Hego Ameriketakoak batez ere.
Zugarramurdi eta Urdazubin ez dago atzerritar aunitzik. Erroldan frantziar gisa agertzen diren gehien-gehienak, Ipar Euskal Herrikoak dira finean.
Bertizaranan (Legasa, Narbarte eta Oieregi) etorkinen kopurua erroldatutakoaren %12,44koa da.

Kultura eta hizkuntza desberdinarekin topo

Euren herrialdeko kulturaren hagitz diferentea denarekin egin dute topo guztiek hemen. Batzuk errazagago ohituko ziren, bertzeei, ordea, gehiago kostatuko zitzaien. Eginahal horretan, kulturaniztasunean bizitzeko saiakera aunitz egin dira, Beran, Lesakan eta Elizondon adibidez, euskara ikastaroak, Inki Kausay Berako etorkinen elkartea ere hor dago, Bidelagun Elkartea Baztanen... Bai Sergiok eta bai Abrahamek eta Luciak jende «jatorrarekin» egin dutela topo aitortu digute.
Hizkuntzarena aipatzeko bertze kontua da. Gutti batzuk euskara ikasi dute, baina bertze aunitzek gaztelerarekin segitzen dute. Hemengo hizkuntza euskara izaki, etorkinek hori jakitea, hein haundi batean, gure esku dago.

Arrazakeria arazoa?

Berdin onartzen al dugu Ipar Amerikatik, Marokotik, Madriletik, edo Senegaletik datorkigun jendea? Bertze gogoeta sakon bat egiteko gaia izan liteke galdera hori. Elkarrizketatu ditugunek, ordea, arazorik ez dutela izan adierazi digute. Sergioren hitzetan, «herri hauetan ongi asimilatu da etorkinen fenomenoa, azken urteotan golpean izan dena. Lan eskaintza dago eta hori da gakoa. Lanik baldin bada, gainerakoa etorriko da. Alde horretatik, etorkinen oinarrizko beharrak asebeteak daudela iruditzen zait. Hiri haundietan zailagoa da». Bertze kontu bat gehitu dio Luciak Sergiok errandakoari: «baina paperak edukitzea beharrezkoa da, bertzela, ezin digute lanik eman».

Barneko migrazioa

Barneko migrazioak ere aipamen berezia merezi du. Garai batean, hemendik Gipuzkoa aldera jende aunitz joan zen ogibidearen bila. Orain bertzelakoa gertatzen ari da, inguruko hiri haundietatik jende aunitz dator gure eskualdera, batez ere, Bortzirietara etxebizitza bila, baita Sunbillara ere. Gipuzkoa aldean, etxebizitzaren prezioak izan duen gorakada da jende aunitz honat etorri izanaren arrazoi nagusia.

Sorterrira itzultzea amets
Batzuk kontent daude, eta hemen segitzeko asmoa dute, bertze batzuk ordea, sos pixka bat aurreztu eta sorterrira itzuliko dira. Horixe da, hain zuzen, Lucia eta Abrahamen kasua: «etorkizunean harat bueltatu nahi dugu, horregatik ez ditugu ekarri seme-alabak. Irabazten dugunarekin ezin dugu. Egunero hitz egiten dugu haiekin, emakume batekin daude, eta irabazten dugun diruarekin irakasle partikularrak kontrata ditzakegu, eta irakasleak etxetik pasatzen dira. Han irabazten denarekin ezin da hori egin». Sergiok, ordea, ez du batere argi Guatemalara itzuliko den ala ez: «momentuan hemengo proiektuak ditut buruan, medikuntza biologikoa garatzeko. Baina Guatemalarekin lotura mantentzen segitzen dut, eta itzultzeko aukera ez dut baztertua».
Aunitzetan atzendu egiten zaigu, XIX.mendean euskaldunek eta gure arbaso aunitzek mundu osoko herrialdeetara joan behar izan zutela sos batzuen bila. Modu batera edo bertzera gu ere etorkin izan garela, alegia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun