Bertizko Turismo Partzuergoak 15 urte betetzen ditu eta Bertizko natur parkean hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburu honetarako.
Karpa batean eskualdeak turismoan jarduteko dituen baliabideak erakutsiko ditu postu ezberdinekin. Herri esanguratsu batzuk, artisautza, zerbitzu turistikoen enpresak, pilota, landetxeak eta Partzuergoa bera ordezkatuak egonen dira. Tartean, Reyno Gourmet marka ere bertan izanen da. Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate marka da hau eta Nafarroako marka guztiak biltzen ditu. Zehazki, Reyo Gourmet jaialdi honen babeslea da.
Larunbatean, Bertizko Jauregian lan topaketa bat egingo da. Partzuergoan izandako lehendakari guztiak, babesle eta laguntzaile guztiak ordezkatuak egongo dira. Nafarroako Gobernuko Turismoaren eta Landa garapenaren departamentuak edo Arcelor Mittal ere gonbidatuak daude ekitaldi honetara. Udaletako eta entitate pribatuetako ordezkariez gain, Jose Mari Aierdi Plazaola Partzuergoaren lehendakariak eta Carlos Erce, Nafarroako Gobernuko Zuzendari nagusiak bertan izango dira hizlari moduan.
Iganderako antolatu diren ekitaldien artean, Urtsuako kantaren estreinaldia egingo da. Baztanen mendez mende mantenutako kanta zahar hau, 1912. urtean Aita Donostia musikariak jaso zuen. Airea ezkontzetan txistulariek jotzen dute, haragia zerbitzatzen den momentuan. Lantz Folk taldeak diska batean sartu du eta eskualde honetarako aurkezpena egingo du. Lantz Folk taldeak Urtsuako jauregiko seme baten eta Baxe Nafarroako neska baten ezkontzaren gertakari larria gogora ekarriko du.
Jaialdian gure eskualdeko kultura islatu nahi izan dute. Txalapartari, trikitilari, Baztango dantzariak, musikari, gaitari, Iturengo joaldunak eta herri kirolaz gozatzeko aukera izango da.
Horrez gain, haurrek zaldi gainean ibiltzeko eta Bidasoa ibaian piragua egiteko aukera izango dute.
Arratsaldean Urbil eta Txomin Artola, Gozategi eta aipaturiko Lantz Folk taldeak joko dute.
Ekintza guzti hauek goizeko 10:00etatik 20:00etara gauzatuko dira.