Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateak eta Baztango udala Nafarroako Hondakin Solidoen Mankomunitatean sartuko dira. Entitate hau eskualde guztietako zaborren tratamendua modu orokor batean kudeatzeko sortu zen.
Partzuergoaren batzorde teknikoa asteazkenean bildu da Etxalarren eta aurre ikusitako lau transferentzia puntuak non kokatuko diren erabakiko da. Martxan jarri ondotik, hondakinak Tuterako El Culebrete biometanizazio plantara garraiatuko dira. Baina hori gertatu baino lehen, Gongorara bidaliko dira eta hau izango da baimendutako puntu bakarra, urriaren 31ean gainerako zabortegiak itxi behar baitira.
Hondakinen Partzuergoa udaberrian eratu zen eta Batzorde tekniko bat izendatu zuen hilero elkartzeko. Ingurumen departamentuko bi kidek eta Erribera, Zangotza, Baldizarbe, Mairaga, Eska-Saraitzu, Bortziriak, Malerreka eta Baztango mankomunitateko ordezkariek osatzen dute.
Gainera, Iruñeaz gain, Nafarroan bertze 7 mankomunitate badira eta parte hartzeko gonbidapena dute.
Asteazkeneko bilkuran aurre ikusitako lau plantak non kokatu erabaki dute eta bertan, zaborra konprimatuko da, bolumena gutxitu eta garraioan aurreztu ahal izateko.
Hasiera batean ustezko kokapenak agertzen dira, baina on ikusia jaso beharko dute. Tafallako Romerales erdialderako, Zangotza ekialderako eta Doneztebe iparralderako.
Proposamenari argi berdea ematen bazaio, esleipena hartzen duen enpresak 4 hilabeteko epea izango du instalazioen diseinuak aurkezteko. Hala, Partzuergoak pentsatzen du 2008ko udazkenean hasiko direla eraikuntza lanak eta 2009an martxan egongo direla.
Dena dela, epeak bete behar dira, urriaren 31erako zabortegi guztiak itxita egon behar baitira. Momentu horretatik soilik Gongorakoa erabili ahal izango da, eta gainera baimen berezi batekin. Hala ere, lizentzia hamahiru urteren buruan agortuko da.
Nilsa enpresak uste du Tuterako El Culebrete plantak duen 50.000 tonako gaitasuna ez dela nahikoa Nafarroako hondakin guztiak tratatu ahal izateko. Beraz, mankomunitate hau Partzuergoan sartzen bada, bertze kokapen batean pentsatu beharko da edo Erriberako instalazioa handitu.
Berriki emandako ebazpen batek behin betikoz Arazuriko biometanizazio plantaren eraikuntza ezetsi zuen eta honek hutsegite nabarmena sortu du Nafarroako zaborren mankomunitateko kudeaketan eta hasierako mapa berregituratu beharko da. Hasiera batean aurre ikusten zen iparraldeko zaborren zati handi bat Iruñerrira eramatea, baina orain Tuterara eraman beharko da.
Nilsak dion gaitasuna nahiko dela, baina beste arazo bat planteatzen da, distantzia. Kamioiek ia kilometro kopuru bikoitza egin beharko dute. Adibidez, Beratik Tuterako plantara 185 kilometro daude eta honek garraio kostu handia suposatzen du. Baina momentuan ez da bestelako aukerarik ikusten Europatik ezartzen den neurria betetzeko. Honek dio zaborra zuzen tratatu beharko dela eta ez dela lurperatuko.
Gainera zaborren bolumena txikitu beharko da. 2009rako biodegradagarri diren hiri hondakinak erdira jaitsi beharko dira eta 7 urte beranduago bolumena %65ean murriztu beharko da.