Landa Turismoaren Jaialdia eginen da irailaren 16an Bertizen

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 7a

Bertizko Turismo Partzuergoaren 15. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izanen da

Aurten Bertizko Turismo Partzuergoak 15 urte beteko ditu, eta horren harira, Landa Turismoaren Jaialdia antolatu dute heldu den irailaren 16rako. Eskualdeko promozioa lantzeko partzuergoak antolatzen dituen ekimenetako bat izanen da ekitaldia, baina horrez gain, aldi honetan, bertzelako helburu bat ere izanen dute: partzuergoak turismo arloan egiten duen lana herritarren artean hedatzea.

Saioz beteriko egitaraua prestatu dute irailaren 16rako. Hala, inguruko kultura eta tradizioa zabaltzeko asmoz, txalapartariak, trikitilariak, Baztango dantzariak, gaiteroak, Iturengo joaldunak eta herri kirolak han izanen dira. Gisa berean, turismo arloko entitateak ere bai. Turismo zerbitzuen barnean dauden arren, egun horretan hurbiltzen diren ttikienek zaldietan ibilaldiak egiteko eta ibaian piraguetan ibiltzeko aukera izanen dute. Arratsalde partean, berriz, folk musika taldeen txanda izanen da: Urbil eta Txomin Artola, Gozategi eta Lantz Folk taldeek euren saioa eskainiko dute. Jaialdiak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta 20:00etan itxi.

Jaialdia gaur eguerdian, hilak 9, aurkeztu dute Bertizko Natur Parkean. Ekitaldian Izaskun Goñi partzuergoko kudeatzailea, Martin Garde partzuergoko lehendakaria, Andres Etxenike lehendakariordea eta Sagrario Goñi Hiruak Bat landetxeen elkarteko lehendakaria izan dira.

Eskualdeko turismoaren garapena

Aurkezpen ekitaldian, Martin Garde partzuergoko lehendakari berriak eskualdeko turismoaren garapena zertan oinarrituko den ere aipatu du. Horren inguruan, partzuergoa sortu zenean hartutako lurraldea berriz egituratzeko sare zabal bat sortzen saiatuko direla azpimarratu du: “Baztan-Bidasoaren sare zabala beharrezkoa da, puntan egon nahi baldin badugu, konpententzia haundia baitago”. Gisa berean, gaineratu du, turismoa bultzatzea ez dela administrazio publikoaren eginbeharra bakarrik, turismoan ari direnenena ere badela. “Jendea guregana hurbiltzea denon lana da, eta gure ingurumena antolatu eta saldu behar dugu, gure kulturan, arkitekturan eta ingurumenean zer eskaini badago, aberastasuna dugu, eta kanpora begira ateratzen jakin behar dugu”, adierazi du Gardek. Izaskun Goñik, bere aldetik, joan den urtean partzuergoa utzi zuen udal bat berriro ere itzuli dela gogoratu du, Sunbilla.

Sagrario Goñik, berriz, orain arteko turismoaren balorazio bat egin du. "Urte kaskarra izan da, azken sei urteotan izan den okerrena. Abuztuan landetxeak beteta eduki ditugu, baina irailean bezerorik gabe gelditu gara". Horren aitzinean, Hiruak Bat elkarteak eta partzuergoak horri buelta eman behar diotela nabarmendu du. Gardek ere bat egin du Sagrariok errandakoarekin: "joan den urtean Elizondoko Turismo Bulegotik 4.000 lagun pasatu ziren; aurten, 2.000". Horri aitzin egiteko prest agertu dira guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun