Lau hilabeteko atzerapenarekin hurrengo egunetan hasiko dira Igantzi-Bera errepide zatiko lanak

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 7a

Enpresa-elkarte batek eginen ditu obrak, eta proiektuan sartzeko bertze enpresa batentzako deialdia egin arren, ez da inor aurkeztu

Azken egun hauetako zurrumurruen ondotik, eta lau hilabeteko atzerapenarekin, datozen egunetan hasiko dira Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera errepide zatiak eraberritzeko lanak. Obra hiru enpresen artean osatutako aldi baterako enpresa-elkarte baten esku dago; Ecay-Andueza SL, Indeconsa eta Obrascon Huarte Lain SAk osatzen duten UTEaren esku, alegia. Lanak maiatzean hasiko zirela iragarri zuen Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak, baina antza, uste baino gehiago luzatu dira.

Azken egun hauetan, lurra mugitzeaz arduratuko den Ecay-Andueza SL enpresak obra bertan behera utzi zuelako zurrumurrua zabaldu zen gure eskualdean. Nafarroako Gobernuko prentsa-bulegoak, ordea, argitu egin dio ttipi-ttapari gertatutakoa. Antza, enpresa elkartean sartzeko bertze bazkide batentzako deialdia zabaldu zen, baina ez zen hautagairik aurkeztu. Hala, prentsa-bulegoaren arabera, hurrengo astean hasiko dira.

Lanak bi zatitan

Lanak bi zatitan eginen dira, 65.kilometrotik Etxalarko bidegurutzera eta handik Berako saihesbidera. Errepide berriak 7,870 kilometro izanen ditu, eta 43,1 milioiko gastua izanen du. Bere garaian adierazitakoaren arabera, lanek 2009ko martxoaren 30erako bukatuak egon beharko lukete. Hasi lau hilabete beranduago egin direla kontuan hartuta, ikusi egin beharko da noiz amaituko diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun