Uztaila eta abuztua pasatzearekin batera, herri gehienetako bestak joanak diren arren, oraindik badago nora joan: asteburu honetan izanen dira Bittiriko (Lesaka), Oizko, Sarako eta Eratsungo bestak.
Eratsungo bestak
Eratsungo Lokariko Amabirjin bestak gaur ilunabarrean hasiko dira, 20:00etan botako duten txupinazoarekin. Ondotik, eta gauez dantzaldia izanen da MODESTOrekin. Bihar goizean, dianaren ondotik, eguerdian tortilla lehiaketa eginen da. Arratsaldean, berriz, pilota partidak eta trikitixa jaialdiak hartuko dute lekukoa. Arratsaldez eta gauez, TRIKIDANTZ taldearekin dantzaldia. Larunbatean, 12:00etan meza nagusia izanen da, eta ondotik aizkora apostua. Kirolak arratsaldean izanen du segida Eratsunen, herri kirolak izanen baitira. Musikarik ere ez da falta izanen SONIDOS taldearekin. Igandean, herri bazkariak eta bertsolariek hartuko dute protagonismoa. Hori, ordea, goiz partean izanen da, arratsaldean, pilota partidak eta ahari apostua izanen baitira ikusgai. Haurrek ere izanen dute ongi pasatzeko aukera, parkean. MODESTO akordeoilaria arituko da ondotik.
Oizko bestak
Oizko bestak, berriz, bihar hasiko dira, 20:00etan botako den altxaferoarekin. Ondotik baztan zopak izanen dira Herriko Ostatuan, eta gero dantzaldia JOXE ANGEL akordeoilariarekin. Larunbat goizean, laxoa partida izanen da, eta ondotik meza nagusia. Arratsaldean haurrentzako hainbat ekitaldi: jokoak, magoa, merienda… Gauez TRIKIDANTZ taldeak dantzaldia eskainiko du. Igandean, 11:00etatik aitzinera herriko artisauen erakusketa izanen da, eta 13:00etan herri kirolak: Agite eta Raul Kastro, Luis Mª Belarra eta Aierberen aurka. Pilota nahiago dutenek, berriz, arratsaldean izanen dute gozatzeko aukera, 17:00etan. Ilunabarreko mariatxi doinuen ondotik, dantzaldia JOXE ANGELekin. Azken eguna, astelehena izanen da, eta ohi bezala, herri bazkariak eta bertsolariak izanen dira nagusi. Arratsaldean toka eta sokatira txapelketa izanen dira, eta plaza bazterrak alaitzeaz JOXE ANGEL arduratuko da.
Sarako bestak
Saran larunbat honetan hasiko dira, eta heldu den asteazkenean bukatu. Larunbatean 17:00etan Sara korrika eginen da, eta gauean, UNE eta NO RELAX taldeek kontzertua eskainiko dute. Beranduago, berriz, KOLOKA taldeak. Igandean meza nagusia izanen da, eta ondotik danborrada. Beranduago luzean errebotean ariko dira, eta arratsaldean, erraldoien desfilea izanen da gaiteroekin, joaldunak eta karrozak ere han ibiliko dira. Ondotik, berriz, herri kirolak eta trinketean lehen finalderia. Gauean, 22:00etan, TAPIA ETA LETURIAren emanaldia, baita GAUBELArena ere.
Astelehenean, luzean errebotean ariko dira goizez, eta eguerdian zikiro jatea eginen da Olhain ikastolak antolatuta. Arratsaldez, artzain zakur txapelketa, eta ondotik euskal dantzak. Gauean, bertzeak bertze, IZARRAK eta AISTRIKA taldeak izanen dira entzungai. Asteartean, paxaka txapelketa jokatuko da, eta luzean errebotean ere ariko dira, goiz zein arratsaldez. 19:00etan mutxikoak KUXKUXTU txarangarekin, eta 20:00etatik aitzinera gau mozorrotua. Aurtengo gaia hori kolorea. 22:00etan dantzaldia ENTZUN taldearekin. Azken eguna asteazkena izanen da. 09:00etatik aitzinera azienda lehiaketa eginen da. Haurrentzat puzgarriak plazan egonen dira, eta trinketean, berriz, pleka xoko txapelketako finalerdi gurutzatuak. Arratsaldez, esku huska bertze partida izanen da, eta beranduago pleka sariko finala. Bertsolariak ere ez dira urruti ibiliko. Goiz zein arratsaldez Julen Zelaieta, Xabier Silveira, Mizel Mateo eta Jokin Uranga bertsotan ibiliko dira. Gauez EZTIKI eta XITOAK taldeen txanda izanen da.
Urtero bezala, egunero txaranga eta fanfarreak giroa alaitzen ibiliko dira egunez eta gauez, eta ilunabar aldeko aperitifa alaitzeko ardura ere talderen baten esku egonen da.
Bittiriko bestak
Bittiriko bestak ere bihar hasiko dira, eta igandean bukatu. Bihar, 20:00etan patata tortilla txapelketa eginen da eta ordubete beranduago, txupinazoa. Ondotik, berendu afaria, eta 23:00etan rock kontzertua KANKA eta EGURRErekin. Larunbat eguerdian herri kirolak izanen dira, Begibana bigarren txapelketa. Nesken arteko froga honetan, Beti Gazteko neskekin batera, Sakana, Oiartzun eta Bizkaikoak arituko dira. Segidan, auzo bazkaria Jon Maia, Mañukorta eta Manolo Arozena bertsolariekin. Giroa alaitzen, Iñigo DJ musika jartzailea arduratuko da. 19:00etan berbena. Igandean, haurren txanda izanen da. Goizean jokoak eginen dira eta arratsaldean ipuin kontalaria. 18:30ean trikitixa jaialdia izanen da.