Ameriketara joandako artzainen bi topaketa antolatu ditu Artzain Munduak irailaren 29 eta urriaren 1erako

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 5a

Alduden eta Gernikan izanen dira, eta eskualdetik doako autobusak paratuko dituzte

Garai batean Ameriketara artzain joandakoak gogoan, Artzain Mundua elkarteak bi topaketa antolatu ditu heldu den irailaren 29rako eta urriaren 1erako. Aitzineko aldietan, Lesakan eta Sunbillan egin bezala, hurrengo hitzorduak Alduden (Nafarroa Beherea) eta Gernikan (Bizkaia) izanen dira, hurrenez hurren. Jardunaldiak atzo aurkeztu zituzten Elizondon, eta bertan izan ziren, elkartearen izenean Miren Elgarresta eta Jose Mª Zeberio, artzainen alaba diren Laura Iantzi eta Josephine Etcheverry, Kepa Mallea (Bizkaiko artzainen datuak bildu dituena) eta Sunbillako Fermin Zelaieta eta Jesus Mª Jorajuria artzainak. Eskualdetik dohainik izanen diren autobusak ere antolatuko dituzte, bi topaketetara joan nahi duten guztientzat.

Artzainak, familiak eta oro har interesatua dagoen edonork izanen du bi topalekuetan parte hartzeko aukera, eta egun horietan eginen diren bazkarietara joan nahi izanez gero, irailaren 20a baino lehen eman beharko da izena, Baztango Udaletxean (948 580006), Lesakako Udaletxean 10:00etatik 18:00etara (Laura Iantzi 686 759341) eta Sunbillan Fermin Zelaieta (609 521747) edo Jose Mª Arretxeari (679 794966) deituz. Batez ere, 50 eta 60. hamarkadetan joandako artzainak omenduko dira.

Datu base zabala

Aipatzekoa da, hilabetetako lanaren ondotik, artzainen izenak biltzen dituen datu base zabala osatu dutela. Dagoeneko 887 artzain identifikatu omen dituzte, eta horietatik 10 emakumezkoak omen dira. Gisa berean, datu basean jaso dituztenen %51 bizkaitarra da, %29 nafarra eta %17 Iparraldekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun