Aurtengo txapela Baztanen da, berak irabazi baitzuen joan den larunbatean Jon Irazoki zenaren omenez hamabigarren aldiz antolatutako futbol txapelketa. Berako Matzada zelaian eskualdeko Erregionaleko Lehen Mailako hiru talde aritu ziren: Baztan, Doneztebe eta Gure Txokoa. Beti Gaztek, bere aldetik, ez zuen txapelketan parte hartu.
Txapelketa Doneztebeko talde berriaren eta Gure Txokoaren arteko lehiarekin hasi zen. Etxekoak 5-0 nagusitu ziren, eta Malerrekakoen aitzinean jaun eta jabe zirela erakutsi zuten. Lehendabiziko gola 15. minutuan sartu zuen Gure Txokoak, eta 2-0ekoa bortz minutu beranduago ailegatu zen, Doneztebek bere atean sartu zuenean. Hirugarrena penalti bidez sartu zuten beratarrek. Azkenean, 5-0, beratarren alde.
Bigarren partida Doneztebek eta Baztanek jokatu zuten, eta Malerrekakoek jokua hobetu bazuten ere, baztandarren alde izan zen partida, 2-0.
Hirugarren eta azken partidan erabaki zen txapela. Gure Txokoa eta Baztanek jokatu zuten, eta 2-0eko emaitzarekin Baztan nagusitu zen.
Finala jokatu ondotik, sari banaketa egin zen eta Gure Txokoa elkartean egindako hamaiketakoarekin eman zioten amaiera egunari.