Uda hasieran aipatu bezala, Leitzako Aurrerak Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketarako txartela lortu zuen Nafarroako Herriartekoan txapeldun atera ondotik. Ez txartela eskuratu bakarrik, baita irabazi ere. Uztailaren 28an jokatu ziren Arrasaten (Gipuzkoa) txapelketako finalak, eta leitzarrek 2 eta 1 irabazi zieten Berrizko (Bizkaia) pilotariei. Aurrerako pilotariek hiru partidatik bi irabazi zituzten, kadeteen eta senior mailan, eta bizkaitarrek gazteen mailan.
Lehendabiziko partida irabaziz ekin zioten lehiari leitzarrek. Kadeteen mailan Ander Aranburu eta Jon Jaunarenak 22 eta 16 garaitu zituzten Berrizko Loidi eta Urkijo.
Jubeniletan, ordea, ez zuten deus egiterik izan Aurrerakoek. Markagailuak berak halaxe adierazi zuen: 22-0 galdu zuten Leitzako Oihan Alduntzin eta Aitor Goikoetxeak Alberdi eta Perosanz bikote bizkaitarraren aurka.
Hala, senior mailako azken partida txapela lortzeko erabakiorra izan zen. Maila honetan, Mikel Olazabal aresoarra eta Mikel Iriarte leitzarra aritu ziren Berrizko Gonzalez eta Zabalaren kontra. Lehen zatia nahiko parekatua izan bazen ere, azkenean 8 tantorekin utzi zituzten bizkaitarrak. Horrenbertzez, aurtengo Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako ez ezik, Euskal Herrikoa ere Leitzan da.