Maiatzean abiatutako mendiko lasterketaren Munduko Kopa bukatu da, eta Fernando Etxegarai beratarrak lehendabiziko bortzetan amaitu du. Uztailaren 23an Dolomites Skyracen (Italia) egin zen lasterketako azken saioa eta beratarrak ezin izan zuen sailkapen nagusiko hirugarren postuari eutsi. 550 kirolarik parte hartu zuten guztira, eta 22 kilometroko bidea egin behar izan zuten. Etxegaraik 2 ordu, 19 minutu eta 23 segundutan egin zuen ibilbidea, irabazlearengandik 14 minutu eta erdira. Italiako proban maila haundia erakutsi zuten kirolariek, hala, lehen hiru sailkatuek marka berriak ezarri zituzten. Manttaleko kirolariek ere lan ona egin zuten lasterketan: Igor Agesta 75. sailkatu zen 2 ordu 39 minutu eta 45 segundoko lana egin ondotik, Joxelu Loiarte 76. postuan gelditu zen 2 ordu 29 minutu eta 46 segundoko denborarekin, eta Alfredo Telletxeak 165. lekuan bukatu zuen, 2 ordu 53 minutu eta 56 segundotan.