Aurten ere Fernando Etxegarai nagusitu da Sarako Kontrabandisten lasterketan. 9 kilometroko ibilbidea egiteko 38 minutu eta 36 segundo behar izan zituen. Bigarrena ere, iaz bezala, Patxi Iratzoki igantziarra izan zen 40 minutu eta segundo bateko denborarekin. Hortaz, taldeka ere garaikurra Bera aldera joan zen. Iñigo Lasaga etxalartarrak 43 minututan bukatu zuen, eta horrela podiumeko 3. eskailerara igo zen.
Emakumezkoetan Iturengo Maika Ariztegi izan zen azkarrena. 54 minutu eta 46 segundo behar izan zituen ibilbidea bukatzeko. Ibilbideak dituen lehen kilometro eta erdian eta azken 500 metrotan lasterkariek zakuak eraman behar izaten dituzte, 4 kilokoak emakumeek eta 8koak gizonezkoek. Errekorrari dagokionez aurten ez zen hunkitu eta Fernando Etxegaraik iazko lasterketan egindakoak bere horretan segitzen du (38:36).
Aurtengo lasterketako lehen biak berehala nabarmendu ziren eta zakua uztean dagoeneko minutu erdiko aldea kendua zieten ondokoei. Zazpi Fagotara ailegatzean, lehena Fernando izan zen eta metro guttitara pasatu zen Patxi. Jaisterakoan, beratarra hobeki ibili zen eta aldea handitzea lortu zuen. Iñigo Lasagak ere jaitsiera polita egin zuen eta horri esker hirugarren postua eskuratu zuen.
Aurten parte hartu ez badu ere, Ramuntxo Lamothek ditu orain arteko garaipen gehienak, bortz aldiz irabazita, 2000n, 2001ean, 2002an, 2003an eta 2004an. Ondotik, Ezpeletako Gabi Etxart eta Irungo Ricardo Toro datoz, bakoitza lau garaipenekin. Hiru garaipen dituztenak bertze hiru dira eta horietariko bat da Fernando Etxegarai beratarra. Bertze biak Sarako Michel Larzabal eta Lesakako Julian Mitxelena dira. Parte hartze gehien dituztenak, berriz, bi dira, Ricardo Toro eta Michel Lartigau.
Sailkapena
1. Fernando Etxegarai ............................ 38:52
2. Patxi Irazoki ........................................ 40:01
3. Iñigo Lasaga ......................................... 43:00
4. Jean Laxague ....................................... 43:26
5. Iñaki Lopetegi ..................................... 44:24
6. Daniel Mehats ..................................... 44:38
7. Beñat St Jean ....................................... 44:57
8. Yannick Dufau ..................................... 45:23
9. Jakes Bernet ........................................ 46:01
10. Xemartin Aucho berry .................... 46:17