Agorrilaren 20an helikoptero istripu larria izan litekeena guttigatik saihestu zuten Larrungo mazeletan. Halere, eragindako kalteengatik trenak geldirik egon behar izan zuen, zauritua zegoen pertsona baten bila zebilen jendarmeriaren helikopteroak trenaren argi indarreko hariak jo zituen pilotuaren hutsegite baten ondorioz. Hari bat moztu bazuen ere, helikopteroa ez zen erori, baina hegalak hondatuak zituela larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Azkaineko hilerritik hurbil. Zorionez gertaera zauritu gehiagorik gabe bukatu zen. Ezbeharra gertatzean, 15:00ak aldean, 150 bat turista zeuden Larrun kaskoan. Hauen jausteko treneko langileek behin-behineko konponketa egin zuten, eta 18:00etarako denak San Inazion zeuden. Argi indarreko haria behar den bezala arrimatzeko langileak orduak pasatu zituzten, eta astearte eguerdian trafikoa normaltasunera itzuli zen.