Hamar bat eguneko bidaia antolatu du Arkupeak elkarteak Kubara

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 3a

Irailaren 22tik urriaren 6ra Benidorrera joanen dira

Bidaiak antolatzen segitzen dute Arkupeak erretiratuen eta pentsionisten elkarteko lagunek. Hala, Kubara joanen dira urriaren 19tik 29ra. Hamaika egunetarako bidaia prestatu dute eta hainbat txoko bisitatuko dituzte. Lehendabiziko egunean, 19an, Noaingo aireportuan elkartuko dira, eta bertatik Iruña-Madril- Habana bidea eginen dute hegazkinez. Bigarren eta hirugarren egunetan Habana inguruan ibiliko dira, hiriko eraikin historiko eta leku preziatuak ezagutzen. Laugarren egunean Trinidad hiria bisitatuko dute, eta lekua ezagutzen bertze bizpahiru egun igaroko dituzte. Ondotik, Varadero aldera joko dute.

Benidorrera bidaia

Aitzineko urtetako ohiturari jarraiki, Benidorrera ere ateraldia eginen dute Arkupekoek, irailaren 22tik urriaren 6ra. Autobusez eginen dute bidaia eta horretarako lehen hitzordua 6:45ean paratua dute, Irunen. Dena den, Baztan, Leitza eta Goizuetako bidaiariek etxetik hurbilago autobusa hartzeko aukera izanen dute. 15 eguneko egonaldiaren ondotik, etxerako bidea hartuko dute.

Gurutze Sainduaren Egunean Lezora

Hurbilago ibiltzea gustoko dutenek Euskal Herrian bertan izanen dute horretarako aukera. Heldu den irailaren 14an, Gurutze Sainduaren Egunean, Lezora joanen dira. Goizean meza entzun ondotik, kirol jaialdia izanen dute. 13:30 aldera atuobusak aterako dira Hondarribia aldera eta 14:30ean bazkaria eginen dute Ardora jatetxean. Arratsaldez, dantzaldia izanen dute, eta 20:00etan bueltan etxera abiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun