Beste leku aunitzetan bezala joan dira aurtengo herriko Ambirjin bestak ere. Bost eguneko bestetan izan zen zer ikusi eta zer egin. Hala, herriko emakumeek herri kirolen bigarren edizioa egin zuten. Aurreko urtean bezalaxe, emakume ezkonduak –zuriz jantziak– ezkongabeen –beltzez jantziak– aurka aritu ziren, eta denetara 24 lagun bildu ziren (bi epaile). Proba ezberdinak egin zituzten; zokorrak, txingak, iltze sartzea, korrika belarzamarekin, karretilla lasterketa... Aurten, berrikuntza moduan, arpanean eta arto zuritzen ere aritu ziren. Norgehiagoka handia sortu bazen ere, iaz bezala ezkonduentzako izan zen garaipena. Sokatirak ere ikusmira sortu zuen, baina kasu honetan ezkongabeak suertatu ziren garaile. Urteroko moduan, arrakasta itzela izan zen, alde batetik, herritarren artean ikusmira handia sortu zuelako eta bestetik, jende asko bertaratu zelako eta ikuskizun polita jarri zutelako. Heldu den urteko bestak ailegatzeko guttiago gelditzen da.