Bi astetako mantenimendu lanen ondotik zabalik daude Almandoz eta Belateko tunelak

ttipi-ttapa 2007ko irailaren 3a

Trafiko handia ibili zentunelak itxita egon zirenean. TTIPI TTAPA

Itxi eta egun berean kamioi batek istripua izan zuen Belateko maldan

Almandoz eta Belateko tunelak ohiko martxara bueltatu dira. Bi astetan berrikuste eta mantenimendu lanetan aritu ondotik abuztuaren 23an ireki zituzten ateak berriz. Hasiera batean hilaren 29an irekiko zituztela iragarri arren, azkenean aitzineratu egin zuten eguna. Tarte horretan, bertzeak bertze, tunel barreneko pitzadurak konpontzen aritu dira. Guztira 416 torloju paratu dituzte, 540 metro koadro sare elektrosoldatu eta 60 metro kubiko hormigoi erabili.

Lanek iraun duten bitartean, lehengo bide zaharretik bideratu zuten trafikoa. Baina tunelak itxi eta egun berean, abuztuaren 6an, lehen istripua gertatu zen. Belate maldan kamioi batek istripua izan zuen eta erreil bat itxita gelditu zen. Biharamun goiza bitarte ez zuten ibilgailua bidetik erretiratu. Bertze egunetan ere trafiko handia ibili zen Almandoz eta Belate aldeko errepideetan, are gehiago, uda sasoian trafikoa haunditu egiten dela kontuan hartuz.

10 urtetan 7 aldiz itxita

Aurten hamar urte beteko dira Belate eta Almandozko tunelak ireki zirenetik. Geroztik kexu eta obra ugariren lekuko izan dira; behin baino gehiagotan itxi behar izan dituzte konponketak egiteko edo segurtasun arazoak sortu direlako. Orain urte bat, adibidez, lur-jausia bat izan zelako.

Lau urteko obren ondotik, 1997ko azaroan ireki ziren bi tunelak. Ekipamendua kontuan hartu gabe, 4.000 milioi euro inguru erabili zituen Nafarroako Gobernuak tunelak egiten, aurreikusitakoa baino %30 gehiago. Bere garaian, ia mila milioiko aurrekontuarekin, tunelak segurtasun sistema aitzindarienekin hornitu zituztela erran zen. Berriki larrialdietarako plan berezia ere onartu zen. Herritar eta bizilagunen artean, ordea, zalantzan paratu izan da hori, hana nola, larrialdi irteerarik ez dutela edo argiztapen eskasa dutela salatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun