Kostata atzenduko ditugu etxalartarrok joan den maiatzeko uholdeak. Kalteak ikaragarriak izan ziren, eta haiei aitzin egiteko, Nafarroako Gobernuak kalteen %100a ordainduko zuela agindu zuen bere garaian. Parlamentuan onartu zen, eta gobernuko ikuskariek txostena egin zuten kalte-ordainak baloratzeko. Euren txosten hartan 213.979 euroko balorazioa egin zen, baina lehen egun horietan ez ziren kaltetutako leku guztiak ikusi. Udalak bere balorazioa egin zuen, eta 391.863 eurotan baloratu zituen kalteak, kasik 178.000 euro gehiago. Momentuan Udalak Nafarroako Gobernutik datorren dirulaguntza onartu du moldaketa lanak lehenbailehen hasteko, baina ez dio uko egin kalte ordainen %100 lortzeari, hori baita Nafarroako Parlamentuak hartu zuen erabakia. Udal langileek lanean segituko dute dirulaguntza osoa eskuratzeko.