Eguzki-panelak bi motatakoak dira: termikoak eta fotovoltaikoak. Mikel Garro eguzki panelak paratzen ibiltzen den Lesakako Hirukide enpresako iturginak adierazi digunez, «termikoen kasuan, eguzkirik ez badugu ez dugu emaitzik, fotovoltaikoen kasuen, ordea, argia izanda funtzionatzen dute».
Panel fotovoltaikoak hainbat zelula fotovoltaikoz osatuak daude. Zelula horiek material erdieroalea dute eta eguzki-erradiazioak eragiten dionean hainbat elektroi askatu egiten dira. Elektroi horiek metalezko hari batetik bideratuz korronte elektrikoa sortzen da. Horrela sortzen den korrontea zuzena da, eta beraz, bihurgailua erabiltzen da korronte alterno bihurtzeko. Termikoen kasuan, berriz, kolektore izena dute panelek eta beirazko estalkia dute, berotegi-efektua sortzeko. Horren azpian xafla bat izaten dute, eguzki-energia xurgatzeko, eta xaflaren azpian, urez betetako hodiak. Plaka termikoek eguzkiaren energia hartzen dute eta plakaren azpiko hodietan joan-etorrian dabilen ura berotu egiten da. Hodian ura bertzerik ez badago, ur hori zuzenean erabili edo pilatu egin daiteke. Baina eguzki-instalazio termikoen bidez berotutako ura hozte-sistemetarako ere erabilgarria da. Horrelako sistemak instalazio handietan erabiltzen dira, batez ere. Gisa berean, bero haundia egiten duenerako bentiladore edo haizagailu bat aholkatzen da, gehiegizko tenperatura ekiditeko. Eguzki panel termikoak errentagarriagoak dira, izan ere etekin handiagoa atera daiteke, eta bertzalde, material merkeagoez osatuta daude, panel fotovoltaikoak egiteko erabiltzen den teknologiarekin konparatuz.
Neurrian aldea
Neurrian ere badago aldea batetik bertzera. Hirukideren kasuan, «paratzen ditugun panelak 2x1 metrokoak izaten dira», azaldu digu Mikelek. Horretarako, kontsumoaren araberako neurketa bat egiten dute eta horrekin zenbat metro koadroko azalera behar den kalkulatzen dute. «Baina hiru lagun bizi diren etxe batean bi metro koadroko panel termikoa eta 160 litroko pilatzaile bat nahikoa da». Badira, ordea, aunitzez handiagoak ere, «erabilpenaren arabera». Berako Garbi Goxo garbitegian, adibidez —ezkerreko argazkian—, 18 panel termiko paratu dituzte, eta azaldu digutenez, hagitz gustura daude zerbitzuarekin. Aipatu, gero eta panel gehiago paratzen ari direla landa-guneetan eta baserri zein bordatan, ura ponpatzeko eta elektrizitatea sortzeko. Otsailean Erriberan inauguratu zuten landa-fotovoltaikoak, adibidez, 150 plaka finko ditu.
Dohainik den energia-iturria
Eguzki-energiak hanbait abantaila ditu. Dohainik den energia-iturri izateaz gain, kalitate oneko energia da, eta ingurumenari begira aunitzez garbiagoa. Gutti goitibeheiti 20 urte inguru irauteko prestatuak daude. «Hori bai, errendimendua hobetzeko, kasu pixka bat egitea komeni da, garbitzea, alegia». Garesti samarra izan daiteke, baina ingurumenan kontuan hartuz ez da horrela. Mikelek azaldu digunez, «panel bakoitza 600 euroren inguruan ibiltzen da normalean». Baina mota eta etxe aunitz daude, eta batetik bertzera prezioak gorabeherak omen ditu. «Kalitatearen eta panelaren azaleraren arabera merkeagoa edo garestiagoa izanen da». Gaineratu digunez, «posible den kasuetan bertzelako sistema lagungarriren bat behar da, eguzki-irradiazioa nahikoa ez denean ur beroa edukitzeko». Halere, kontsumoan kontuan hartzeko bertze aholku bat eman ere digu: «etxeko aislamendua zaintzea», alegia.