«Euskaldunon historian errepikatzen diren aroak sinbolizatu nahi izan ditut»

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 31

Luis GARDE Poesia idazlea TTIPI TTAPA

• 2004an plazaratu zuen Luis Gardek lehen poema-liburua: Oihan nabarra, eta Euskaltzaindiaren eta BBKren Felipe Arrese Beitia saria lortu. Uda hasieran bigarrena kaleratu du: Haize hegoaren aroak.
• Bigarrenean euskaldunak tartean diren gerren poemak bildu ditu, karlistadenak, 1936koak, egungo gatazkaren ingurukoak, etorkizunekoak...
• Donezteben bizi den iruñear honek hirugarrena ere argitaratuko du laster: Urtzailearen beharra.

Zure bigarren liburua da Haize hegoaren aroak. Zer alde dago zure lehendabizikoa izan zen Oihan nabarra liburutik?

Orain irakurrita lehenengo liburuko poemak hagitz xaloak direla iruditzen zait, zuzenak. Horrek ere bere xarma du baina hau bertzelakoa da. Orduan nire ikuspuntutik kontatu nuen zuzen-zuzen dena, nire bizipenak eta oroitzapenak hartu nituen lehengaitzat. Bigarren honetan, berriz, irakurri daitekeenaren eta nire ni biografikoaren arteko distantzia hagitzez handiagoa da. Poesian idazten denak ez du nahitaez idazlearen uste edo iritziak izan beharrik.

Oroimen historikoan osatu gabeko puzzle bat dagoela diozu liburuan. Azaldu...

Euskaldunon oroimen historikoaz ari naiz. Orain gai hori puri-purian dago, eskuratzen saiatzen ari da, eta gai ona iruditu zitzaidan nire hausnarketak egiteko. Alde horretatik, gaurkotasuna du liburuak. Osatu gabeko puzzle bat dela erratean, ez direla poema solteak adierazi nahi dut, poema bakarra balitz bezala islatu nahi izan dut, poema luze bat. Poema bakoitza osotasun baten barnean pieza bat da, baina liburuan gai bakarra jorratzen da, eta hori da oroimenarena, gerrena...

Gerra da liburuan bueltaka darabilzun gaia...

Poema batzuen eskenatokia kokatu daiteke historian, baina bertzela, agertzen diren gerrak karlista garaikoak izaten ahal dira, edo Nafarroaren independentziaren gerrarenak, edo oraingo gatazkaren ingurukoak. Finean, erraten dudana da gure historia errepikakorra dela, gauza aunitz errepikatzen direla dirudi, gerra aunitz... Eta ez kanpotik etorritakoen kontra bakarrik, gure artean ere beti izan dira gerrak. Eta oraingo gatazka ere gerra horien oihartzun bat dela erranen nuke, gerra zibil ttiki bat nolabait errateko. Liburuan gure historian errepikatzen diren aroak sinbolizatu nahi izan ditut.

«Lege zaharrak defendatzen, eta hondarrean etxaldea sutan». Zer dago horren gibelean?

Gerra horietan galtzen garen bitartean, gehien maite dugunari kalte egiten diogula. Gurea eta gure ingurua abandonatzen dugu, batzuetan kausa arraro batzuetan sartzeagatik edo guztiz gureak ez diren kausetan sartzeagatik. Adibidez, karlistadan gurea ez den errege baten alde... Gurea defendatu beharrean bertzeen interesak defendatzen genituen.

Egungo egoera liburua idazteko baliagarria egin zaizu?
Bai, hausnartzerakoan eta pentsatzerakoan aunitz lagundu dit. Azken batean, guztia circulo vicioso edo “sorgin gurpil” bat dela erakutsi dit, eta gurpil horretatik ateratzeko gai ez garela. Horretatik dator izenburua ere, haizearen zurrunbiloarena adierazi nahi izan dut. Bere historia ezagutzen ez duen herri bat errepikatzera kondenatua dagoen esaera zahar bat dago, eta halaxe da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun