Bidaiak antolatzen segitzen dute Arkupeak erretiratuen eta pentsionisten elkarteko lagunek. Hala, Kubara joanen dira urriaren 19tik 29ra. Hamaika egunetarako bidaia prestatu dute eta hainbat txoko bisitatuko dituzte. Lehendabiziko egunean, 19an, Noaingo aireportuan elkartuko dira, eta bertatik Iruña-Madril- Habana bidea eginen dute hegazkinez. Bigarren eta hirugarren egunetan Habana inguruan ibiliko dira, hiriko eraikin historiko eta leku preziatuak ezagutzen. Laugarren egunean Trinidad hiria bisitatuko dute, eta lekua ezagutzen bertze bizpahiru egun igaroko dituzte. Ondotik, Varadero aldera joko dute.
Hiru hiri haundi eta ikusgarri hauek eta euren bazterrak ikusitakoan berriz etxerako bidea hartuko dute hilaren 28an, eta hurrengo egunean ailegatu. Etxetik urruti, norbere herritik harat zer dagoen ezagutzeko aukera bikaina.
Benidorrera bidaia
Aitzineko urtetako ohiturari jarraiki, Benidorrera ere ateraldia eginen dute Arkupekoek, irailaren 22tik urriaren 6ra. Autobusez eginen dute bidaia eta horretarako lehen hitzordua 6:45ean paratua dute, Irunen. Dena den, Baztan, Leitza eta Goizuetako bidaiariek etxetik hurbilago autobusa hartzeko aukera izanen dute. 15 eguneko egonaldiaren ondotik, etxerako bidea hartuko dute.
Gurutze Sainduaren Egunean Lezora
Hurbilago ibiltzea gustoko dutenek Euskal Herrian bertan izanen dute horretarako aukera. Heldu den irailaren 14an, Gurutze Sainduaren Egunean, Lezora joanen dira. Goizean meza entzun ondotik, kirol jaialdia izanen dute. 13:30 aldera autobusak aterako dira Hondarribia aldera eta 14:30ean bazkaria eginen dute Ardora jatetxean. Arratsaldez, dantzaldia izanen dute, eta 20:00etan bueltan etxera abiatuko dira.