Igandean jokatuko da Nafarroako Artzai Zakur Txapelketa

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 24a

Aurtengoan eskualdeko lau artzainek parte hartuko dute, Jorge Oteiza, Jose Mari Istilart, Antonio Alustiza eta Josetxo Billabona

Nafarroako Artzai Zakur Txapelketa jokatuko da heldu den igandean Uharte Arakilgo 40. Artzai Egunean. Eskualdetik lau artzain eta bortz zakur lehiatuko dira.

Dagoeneko 40 urte dira Uharte Arakilen Artzai Eguna ospatzen dela. Lehen urteetan ekitaldi bakarra zakur txapelketa izaten bazen ere, urtetik urtera egitaraua osatzen joan da antolatzailea den Aralar Mendi elkartea. Hortaz igandean, hainbat txapelketa, dastapena eta erakusketa ikusteko aukera izanen da Uharten. Goizeko 10:30etik aitzinera txapelketak 4 izanen dira, Nafarroako Ardi Latxa Gaztaren XXVI. Txapelketa, Nafarroako Ardi Latxaren XXIV. Esne-ekoizpen Txapelketa, Nafarroako XX. Ardi Mozte Mekanikoaren Txapelketa, eta bukatzeko, arratsaldeko 17:00etan, Nafarroako Euskal Herriko Arrazaren Atzai Zakur Txapelketa. Erakusketei dagokionez bi izanen dira, alde batetik Ardi Latxarena, eta bertzetik, Euskal Herriko, Pirinioetako eta galzorian diren artzain zakur arrazena. Bestalde 12:00etatik aitzinera, gazta, ardi gisatua eta ardoa dastatzeko aukera izanen da, eta horrez gain ohiko feria iraganen da esku lan eta bertze era bateko produktu gastronomikoekin.

Dudarik gabe ekitaldi nagusia arratsaldean ospatuko den Nafarroako Artzain Zakur Txapelketa izanen da. Aurtengoan, 10 bat parte hartzaile izanen dira, eta gure eskualdekoak 4 izanen dira, Oronoz Jorge Oteiza bi zakurrekin, Amaiurko Jose Mari Istilart, Leitzako Josetxo Billabona eta Aresoko Antonio Alustiza. Txapelketa honek Nafarroako txapela erabakitzeaz gain Euskal Herriko eta Herrialdeen arteko Txapelketarako sailkagarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun